Ekonomia -
EROSAHALMENA
Hego Euskal Herriko langileek batez beste ia 14.000 euro galdu dituzte 2008tik, ELAren arabera
Sindikatuak gaur aurkeztu duen txostenak jasotzen duenez, soldatak prezioak baino 4,2 puntu gutxiago igo dira 2008tik 2020ra, batez beste.
EITB Media
ELA sindikatuak salatu duenez, Hego Euskal Herriko langileek batez beste 13.968 euro galdu dituzte hamabi urtean, 2008tik 2020ra, "batez besteko soldatak prezioak baino 4,2 puntu gutxiago igo zirelako". Gainera, soldata baxuenak dutenak dira erosahalmen gehien galdu dutenak. Izan ere, bi kolektiboen diru sarreren arteko aldea % 33 handitu da epe horretan.
"Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian: pobretzea eta prekarietatea" izeneko txostena aurkeztu du gaur goizean ELAk. Aipaturiko txostenak soldaten bilakaera aztertu du, eta gai horri buruzko proposamenak biltzen ditu.
Txostenak jasotzen duenez, Hego Euskal Herriko lan produktibitatea Europako batez bestekoa baino askoz handiagoa da, baina batez besteko soldatak azpitik daude, bai EAEn (% 6,5 gutxiago), baita Nafarroan (% 14,2 gutxiago) ere.
Testuinguru horretan, ELAk gutxienez KPIaren pareko soldata igoerak, 32 orduko lan asteak eta 1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu ditu.
Krisi garaietan (2008-2013), langile klaseak soldata galerak eta langabeziaren igoera jasan zituen, eta hazkunde ekonomikoaren garaian, erosahalmenaren galerak handitzen jarraitzen du, ELAren ustez. "Pobretzeak langile klaseari bakarrik eragiten dio, bereziki, soldata baxuenei", gaineratu du sindikatuak.