Ekonomia -

diru sarrerak bermatzeko legea

DSBEa pobreziaren atalasearen arabera finkatuko da, alokairuaren gastua deskontatu ondoren

Pobrezia arriskuaren tasaz gain, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk beste adierazle bat gehitzea adostu dute diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa kalkulatzeko.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) zenbatekoa kalkulatzeko, pobrezia arriskuaren tasa hartuko da kontuan, edo, bestela, "pobreziaren atalaseen batez besteko haztatua, etxebizitzaren alokairuari dagozkion gastuak deskontatu ondoren".

Diru Sarrerak Bermatzeko euskal Legea izapidetzen ari dira Eusko Legebiltzarrean, eta hori eztabaidatzeaz arduratzen den batzorde txostengilean, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk zuzenketa bat adostu dute, DSBEa kalkulatzeko adierazle berri bat gehitzeko.

Lege proiektu horrek bazuen hiru taldeen arteko itun bat, prestazioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatari lotuta egoteari uzteko, eta 2024tik aurrera pobrezia arriskuaren tasaren adierazlera pasatzeko, hau da, Estatu osoari dagokion batez besteko errentaren % 60ra. Orain, hiru alderdiek adostu dute beste adierazle bat gehitzea DSBEaren zenbatekoa kalkulatzeko.

Hala, DSBEa ez da soilik pobrezia arriskuaren tasaren arabera kalkulatuko. Aldiz, "Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestari dagozkion diru sarreren pobrezia atalaseen batez besteko haztatua" ere kontuan hartuko da, "etxebizitzaren alokairuari dagozkion gastuak deskontatu ondoren".

Azkenean esleituko den zenbatekoa hartzailearentzat onuragarriena dena izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia 2024 PSE-EE Gipuzkoa Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi DSBEri buruzko azken ordukoa Etxebizitza