Ekonomia -
ENERGIA
Bizkaiko Aldundiak errepide guztietan LED teknologia jartzeko 27 milioi inbertituko ditu 2027ra arte
Foru Gobernuak kontsumoa % 50 eta gastua % 30 murriztea espero du.
EITB Media
Bizkaiko Foru Aldundiak 27,7 milioi euro inbertituko ditu datozen bost urteetan Bizkaiko errepideetako 1.300 kilometroek LED argiztapena izan dezaten. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak gaur azaldu duenez, kontsumoa % 50 eta faktura % 30 murriztea da asmoa.
Era berean azaldu du, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila LED teknologiara aldatzen ari dela 2015etik, eta gaur egun bide sarean dauden 40.053 luminarietatik 520,3 LED direla jadanik.
Pradalesek jakinarazi duenez, inbertsio horrek balioko du Bizkaiko errepide sareak argiztapen eraginkorra eta teknologikoki jasangarria edukitzeko.
Guztira dauden 40.053 argi puntuetatik, 16.652 kanpoan daude, eta, 23.801, tuneletan.
Sodioko luminaria zaharrekin (VSAP) alderatuta, LED teknologiak aukera ematen du luminariaren intentsitatea aldatzeko trafikoaren bilakaeraren edo errepidearen ezaugarrien arabera, baina fisikoki bertara joan beharrik gabe.
Foru Gobernuak "aurrea" hartuko dio jasangarritasuna energetikoari buruzko euskal legeari, izan ere, horren arabera 2030erako kontsumoa % 35 murriztu beharko dute administrazioek.
Bestalde, Imanol Pradalesek aurreratu du datorren astean lizitatuko dela 10 milioi euroko lehen inbertsio bat.