Itxi

Ekonomia

RADIO EUSKADI

Azpiazu: "Garraio publikoari laguntzak sei hilabetez mantendu eta ondoren berraztertzea logikoa litzake"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Ekonomia eta Ogasun sailburuak gogor kritikatu du Espainiako Gobernuak garraio publikoaren gaineko dirulaguntzen inguruan izan duen "koherentzia eza". Esan duenez, inflazioaren gorakadari aurre egiteko neurria izan zen, eta "inflazioa oraindik oso goian dagoenean kentzea ez da koherentea".

  • Pedro Azpiazu.

    Pedro Azpiazu, gaur Radio Euskadin

    20:51 min
imagen player
imagen player
imagen player

Herritarrei dirulaguntza bat eskaini eta, ondoren, oraindik diru hori behar dutenean, kendu. Hori da Espainiako Gobernuak garraio publikoaren gaineko laguntzekin egin duena, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan. Hala, inflazioaren igoerari aurre egiteko laguntzak inflazio hori oraindik maila oso altuan dagoela erretiratzea "oso salagarria" dela esan du. "Koherentzia eza" egotzi dio Pedro Sanchezen exekutiboari.

Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrak gaurko osoko bilkuran izango dituen eztabaidagaien artean dago garraio publikoen inguruko dirulaguntzak mantentzea edo ez. Azpiazuren arabera, laguntzak "inolako irizpiderik gabe" mantentzea ez litzateke "egokia". Azaldu du inflazioa hartu behar dela aintzat, eta beraz, ondo iritziko lioke dirulaguntzak mantendu bai, baina datorren urteko lehen seihilekoaren ondoren egoera berraztertzeari, "inflazioa zein mailatan dagoen begiratuta".

Halere, garbi utzi du erabakia Euskadiko Garraioaren Agintaritzari eta alor horretako beste erakunde batzuei dagokiela. "Nire sailari, baliabideak eta finantzaketa bilatzea dagokio. 72 milioi euro inguruko kopuruaz ari gara hizketan", gehitu du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, bestalde, 2023ko EAEko aurrekontuen negoziazioa ere izan du hizpide. Oposizioko taldeen jarrera salatu du, hasieratik akordiorik nahi ez izatea leporatuta. "Errealitatetik kanpo" dauden eta aurrekontuen negoziazioan txertatu ezin diren proposamenak egin dituztela esan du.

Halaber, xehetasunik eman gabe, adierazi du datorren urteko urtarrilean eredu fiskalari buruzko eztabaida zabalduko dutela. Egoeraren analisia egin, zenbakiak aztertu eta EAErako eredu egokiena bilatzeko gogoeta egin nahi du sailburuak gainerako taldeekin.

Azkenik, bankuen eta elektriken gaineko zergak foru ogasunek kudeatzeko EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin itxitako akordioaren inguruan, Ekonomia sailburuak esan du informazio hori ez dela zuzena. Zehaztu duenez, aipatutako zerga horiek ez dira "tributu zehatzak", negoziazio bidez adostu beharreko "ondasunen gaineko konpentsazio bat" baizik. "Eurek jakingo dute zer erosi edo saldu duten. Gu aspalditik ari gara horretaz hitz egiten. Adostu egin behar da", gehitu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena