Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Unai Sordo (CCOO): "Kotizazio maximoetako oinarriak igotzea beharrezkoa da"

CCOO sindikatuko idazkari nagusiak Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan aldeztu duenez, negoziatzen ari diren perimetroa "ona" da, "baina urria, oraindik".

Unai Sordo, artxiboko irudian. Argazkia: Radio Euskadi.
Unai Sordo, artxiboko irudian. Argazkia: Radio Euskadi.
Unai Sordo, artxiboko irudian. Argazkia: Radio Euskadi.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CCOO sindikatuko idazkari nagusi Unai Sordok astearte goizean Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan aldeztu duenez, "beharrezkoa" da "pentsioetako kotizazio maximoetako oinarriak igotzea".

Pentsioek, 2023an, % 8,5 egingo dute gora, eta, horren berri izanda, Sordok uste du orain garaia dela "Gizarte Segurantzako diru sarreren egitura hobetzeko neurriak" abiatzeko, kontuan izanik "noiz izango diren jubilatu gehien", baby boom belaunaldiaren ondorioz.

Nabarmendu duenez, negoziatzen ari diren perimetroa "ona" da, "baina urria, oraindik". Sordoren iritziz, gutxieneko pentsioak hobetzeko neurri ausartagoak egon beharko lirateke, eta, enplegua ibilbide profesionaleko azken txanpan galtzen duten langileen "kotizazio hutsuneak hobetze aldera", anbizio handiagoko neurriak ere bai.

CCOO sindikatuko idazkari nagusiak, halaber, Bizkaiko Metalgintzako egoera izan du hizpide; izan ere, ez dago akordiorik sektore horretan. Sordoren iritziz, patronalaren jarrerak ez dira nahikoak, oraindik, baina espero du, greben ondorioz, behin betiko negoziazioa berreskuratzeko aukera izatea, langileen baldintzak hobetzen dituen akordioa adostu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Sindikatuak Pentsioak 2024 CCOO