Ekonomia -

Lan-gatazka

Bost greba egun abiatu dituzte Bizkaiko metalgintzan

Sindikatuen jarraipena, lehen greba egunaren jarraipena % 85ekoa izan da. Patronalak, berriz, % 19ra jaitsi du.

ELAk Bilbon egin duen manifestazioa. Argazkia: @ELAMetalBizkaia
ELAk Bilbon egin duen manifestazioaren argazkia.
ELAk Bilbon egin duen manifestazioa. Argazkia: @ELAMetalBizkaia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Metalgintzaren sindikatuek bost eguneko grebari ekin diote gaur, astelehenarekin, "lan hitzarmen duin baten alde", joan den ostiralean FVEM Metalgintza Enpresen Bizkaiko Federazioak egindako azken proposamena sindikatuek errefusatu ostean.

Metalgintzaren sindikatu guztiek (ELA alde batetik, eta LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT elkarrekin, bestetik) greba deialdiari eustea erabaki zuten, patronalak egindako azken proposamena "nahikoa" ez zelakoan.

Gaurko deialdiak erantzun "oso zabala" izan duela esan du CCOO sindikatuak, eta "pozik" dagoela erantsi. Zehaztu duenez, % 85 ingurukoa da jarraipena. Ertzaintzak grebalariren bat identifikatu badu ere, gainerakoan "lasai" doala argitu du sindikatu horrek. 

ELAk ere antzeko balorazioa egin du, eta lehen greba egun hau "berriro jarraipen zabala" izaten ari dela nabarmendu du. 

Azken lanuzteetan bezala, banatuta egin dute deialdia sindikatuek. Gehiengo sindikalak (LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT) Portugaleten egin du manifestazioa eta ELAk, aldiz, Bilbon.

Goizean piketeak izan dira Trapagaranen, Productos Tubulares enpresaren parean (argazkian ikus daiteke). Ondoren, Amazonek duen zentro logistikora joan dira, bertako langileek abiatuta grebari babesa emateko.

Patronalak murriztu egin du parte-hartzea

Bestalde, FVEM patronalak % 19ra jaitsi du grebaren jarraipena, eta "batez ere" Ezkerraldean nabaritu dela erantsi du.

FVEMek nabarmendu du ez dituztela "onartuko" lan egin nahi duten pertsonen eta enpresen aurkako "ekintza bortitzak", eta gogorarazi du "hauinbat piketek" kalte materialak egin dituztela.

Hori dela eta, manifestazioak "indarkeriarik gabe" eta "pertsonen eskubideak errespetatuta" egiteko deia gin du.

Akordiorik gabe, ostiraleko bileran

Azaroaren 25eko bileran FVEMek soldata igoerak eskaini zituen (% 6,5, 2022rako; % 3,5, 2023rako; % 2,5, 2024rako; eta % 1,5, 2025erako), 2022-2025erako, % 14ko osoko igoera izango litzatekeena.

Dena dela, proposamena errefusatu zuten sindikatuek, eta gaurtik ostiralera bitarte, 24 orduko lanuzteak egiteko deialdiari eutsi zioten. Orain arte 11 greba egun egin dituzte Metalgintzan.

Lan hitzarmena negoziatzeko azken batzarrean "iruzurra antzeztea" leporatu diote CCOO, LAB eta UGT sindikatuek FVEMi, baita "grebara joatea" behartzea ere.

Bestalde, ELAren esanetan, patronalaren proposamena "oso eskasa" zen, eta lan hitzarmen baten alde "borrokatzeko inoiz baino arrazoi gehiago daude, ez bakarrik KPIaren araberako igoera zuzenak izateko, baita lanaldia murrizteko eta eskubideak handitzeko ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Lan gatazkak Metalgintza