Ekonomia -

Lan-gatazka

Bizkaibuseko BLB eta EMB enpresetako langile guztiek egin dute bat grebarekin, sindikatuen esanetan

Konkretuki, Busturia Lea Artibai Bus (BLB) eta Ezkerraldea Meatzaldea Bus (EMB) enpresetako beharginak zeuden deituta. BLBko eta EMBko langileek 24 orduko beste greba bat dute aurreikusita abenduaren 21erako, San Tomas egunarekin, eta lau orduko lanuzteak egingo dituzte hilaren 13, 15 eta 19an.

Bizkaibuseko langileen protesta, gaur. EITB Media
Bizkaibuseko langileen protesta.
Bizkaibuseko langileek 24 orduko lanuztea egingo dute gaur

0:42

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaibuseko Busturia Lea Artibai Bus (BLB) eta Ezkerraldea Meatzaldea Bus (EMB) enpresetako langile guztiek egin dute greba gaur, sindikatuek emandako datuen arabera. 

Enpresa batzordeak —CCOOk, UGTk eta ELAk osatzen dute— "bidezko" lan hitzarmena eskatzeko deitu zuen lanuztea, patronalak negoziazioan erakutsitako "immobilismoa"ren aurrean.  

"Jarraipena erabatekoa da, % 100koa da", adierazi du Juan Carlos Gonzalez (CCOO) batzordeko presidenteak. 

BLBko eta EMBko langileek 24 orduko beste greba bat dute aurreikusita abenduaren 21erako, San Tomas egunarekin, eta lau orduko lanuzteak egingo dituzte hilaren 13, 15 eta 19an. 

Bizkaibusen zerbitzua eskaintzen duen enpresa kontzesionario handiena da EMB (650 langile ditu). Grebak milaka erabiltzaileri eragin die, horrenbestez. Enpresa batzordearen arabera, ez da istilurik egon. 

Langileek manifestazioa egin dute goizean Bilbo erdialdean, eta protesta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean bukatu dute. 

Hain justu,  gatazka konpontzeko esku hartu dezala eskatu dio ELA sindikatuak foru erakundeari, ohar batean. "Ia hirugarren urtea dugu hitzarmen gabe. Alsa multinazionalak bahituta ditu langileak eta herritarrak, finantzazio publiko gehiago lortzeko asmoz. Izan ere, urteak daramatza lan baldintzak kaskartzen eta autobusen mantenuan aurrezten". 

Bestalde,  Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatuak "akordio batera iristeko" eskatu die enpresa emakidadunei eta Bizkaibuseko lineetako langileei.

Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkuran izan da diputatua, Elkarrekin Bizkaiak egindako galdera bati erantzuteko. Galdera horretan lan-gatazkaren konponbidean inplikatzeko eskatu diote Foru Gobernuari.

Gomez Viarrek zehaztu duenez, "ezin du eta ez du inola ere esku hartu behar enpresaren eta langileen arteko negoziazio kolektiboan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Grebak Ekonomia Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak Garraio publikoa gaur Bizkaiko Foru Aldundia Lea-Artibai eskualdea