Itxi

Ekonomia

Administrazio publikoa

Eusko Legebiltzarrak Enplegu Publikoaren Legea onartu du

EITB Media

Legeak EAEko sektore publikoan diharduten 100.000 langileren jarduna arautuko du, eta atea zabalduko die EBtik kanpoko beharginei beharrizan berezia dagoenean eta arlo jakinetan. Oposizioa (PP+Cs abstenitu egin da) eta sindikatuak kontra azaldu dira.

01:45
Enplegu Publikoaren Legea

Eusko Legebiltzarrak Enplegu Publikoaren Legea onartu du osoko bilkuran. Araudi berriak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sektore publikoan diharduten 100.000 beharginen jarduna antolatu eta arautzen du. Legeak garapen profesionalaren alderdi guztiak arautzen ditu, eta euskal enplegu publikoaren eredu propioa definitzen eta finkatzen du.

Duela urtebete pasatxo onartu zuen lege egitasmoa Jaurlaritzak, funtzio publikoa "modernizatu eta armonizatu" asmoz. 1989tik indarrean dagoen Funtzio Publikoaren Legea ordezkatuko du.

Espero zen bezala, Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoarekin eta PP+Cs koalizioaren abstentzioarekin atera da aurrera. Eskuineko indarrak akordioa egin zuen gobernuarekin Espetxe Zuzendaritzako lanpostuen eskala sortzeko; hartara, lanpostuok eskaintza publikora aterako dira.

EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta Voxek kontra bozkatu dute. Koalizio abertzalearen ustez, legeak ez du administrazio publikoaren euskalduntzean pausorik ematen, eta ez du konpontzen Europar Batasunetik (EB) kanpoko herritarrek langile publiko izateko duten arazoa. Ildo beretik aritu da koalizio morea ere. Horren aburuz, "aukera galdu da" atzerritik etorritako langileak funtzionario izateko eskubidea izan zezaten, arlo jakin batzuetan bakarrik baimendu delako. Voxen hitzetan, legeak agerian uzten du EAEko eta Espainiako Estatuko funtzionarioen lan eta soldata baldintzen arteko ezberdintasunak.

EBtik kanpoko langileak, arlo jakinetan

Berrikuntzen artean, legeak aukera ematen du Europar Batasunetik kanpoko langileak kontratatzeko, "esparru jakin batzuetan eta interes orokorreko arrazoiak tarteko daudenean" (orain arte indarrean zegoen legeak ez zuen baimentzen). Besteak beste, honakoekin jardun ahalko da horrela: espezializatutako mediku eta erizainak, informatikariak eta ertzain eta udaltzainak (betiere EBtik kanpoko hizkuntzak eskatzen direnean).

Era berean, hainbat bide eskaintzen ditu funtzionarioek administrazioan gora egin dezaten, eta zuzendari publiko profesionalaren figura sortuko du (prozedura publikoaren bitartez eta merituak kontuan hartuta aukeratuko dituzte zuzendariok). 

Horrez gain, erakundeen artean koordinazio hobea izateko organo berri bat aurreikusten da: Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordea.

Araua genero berdintasun printzipioan oinarritzen da, eta hainbat neurri aurreikusten ditu hori bermatzeko; adibidez, indarkeria matxistaren biktima batek lanpostua beste herri batera lekualdatzea eskatu ahalko du. Hizkuntza berdintasunari dagokionez, gaztelera bezala, euskara lanerako zein zerbitzua eskaintzeko hizkuntza izan dadin neurriak hartuko ditu. Gainera, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako hautaketa prozesu independenteak deitzeko aukera emango du.

Legea onartu baino lehen, Legebiltzarreko atarian mintzatu da Olatz Garamendi Autogobernu sailburua. Horren ustez, legea "oso garrantzitsua da", baina ohartarazi du marko orokorra ezartzeko balioko duela, eta gerora, "lege sektorialak garatu" beharko direla ondo "zehazteko".

Sindikatu guztiak, kontra

Legeak ez du sektore publikoan ordezkaritza duten sindikatuen babesa jaso. LABek, esaterako, elkarretaratzea egin du goizean Legebiltzarraren kanpoaldean, "Lege Publikoaren Lege hau ez da langileona" lelopean.

ELAren arabera (gehiengoa du), "10 urte baino gehiago dituen proiektu hori ezin izan dute aurreko hiru legegintzaldietan onartu, eta sindikatu guztiak kontra ditu". Salatu duenez, lege horrek "interes pribatuen esku uzten ditu langileak eta zerbitzu publikoak, eta sektore publikoak dituen arazo nagusiak (behin-behinekotasuna, pribatizazioa, enplegua suntsitzea eta murrizketak) betikotzen ditu".

LABen iritzian, araua "neoliberala eta Estatuaren menpekoa" da. "Jaso duten berrikuntza bakarra lanpostu batzuetarako nazionalitatearen irizpidea kentzea izan da, baina hori gizartearen sektore batzuek egindako ekarpena aitortzea baino, langileen instrumentalizazioa dakar. Erabat xenofoboa da", erantsi du.

UGT-Euskadik adierazi duenez, legearen kontra daude, "erabat". Azaldu du sindikatuen parte hartzea "mugatuta" geratuko dela eta herritar batzuk "diskriminatzen" dituela "ofizialak diren bi hizkuntzetako bat ez ezagutzeagatik". Era berean, zuzendari publiko profesionalen figura kritikatu du, "funtzio publikoak berezkoa duen objetibotasun eta inpartzialtasuna hutsaldu" egingo duela ulertzen baitu.

ESK sindikatuak ere neurri horri heldu dio, eta Lan Eskaintza Publikoetan nazionalitatearen irizpidea kendu eta erroldarena jartzea galdegin du. "Euskadin ez dago inor sobran, herritar guztiek eduki beharko lukete, aukera bertsuetan, enplegu publikoan sartzeko eskubidea", arrazoitu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena