Ekonomia -
Espainiako bankuen erreskatea
Urkulluri ez zaio erreskaterako erabilitako formula gustatzen
Buruzagi jeltzalea kezkatuta azaldu da erreskateak izan ditzakeen ondorioengatik eta "haserre" dago Gobernuaren"gardentasun ezagatik".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteari ez zaio Espainiako banketxeen erreskaterako erabili den formula gustatzen, eta "haserre" dago Gobernuaren"gardentasun ezagatik".
ETBn egindako elkarrizketan, Espainia "saiakuntza-banku" gisa hartzen ari direla esan du, eta Espainiak "erabateko sinesgarritasun falta" duela gaineratu du. "Esku hartu ez badute, etor dadila Jainkoa eta ikus dezala".
Buruzagi jeltzalea kezkatuta azaldu da erreskateak izan ditzakeen ondorioengatik, eta "ez soilik finantza entitateetan".
Mariano Rajoyri mezuak bidali dizkiola adierazi du Urkulluk, baina ez du erantzunik jaso. Ildo honetan, alderdi ezberdinen artean "gutxieneko akordioak" behar direla esan du eta Gobernuaren jarrerarekin "haserre" azaldu da, bere ustez, gehiengo absolutuarekin beste alderdiekiko "konplizitatea" erakutsi beharko lukeelako.