Ekonomia -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Mugerza (Mondragon Korporazioa): "Moztu egingo da elkarlana, ez da gauza bera barruan ala kanpoan egotea"

Ulmak eta Oronak Korporazioa uzteko bozketa erabakigarriak dituzten honetan, Korporazioko Batzorde Iraunkorreko presidenteak azpimarratu du bi taldeek ez dizkietela erabakia hartzeko arrazoiak zehaztu, eta erantsi du joatekotan, "beste enpresa batzuekin dugun harreman bera" izango dutela eurekin.

Mugerza, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Mugerza, elkarrizketaren une batean.
Mugerza, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

play icon 20:07

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leire Mugerza Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorreko presidenteak aitortu duenez, Ulma eta Orona taldeek Korporazioa uztea erabakitzen badute —ostiralean dituzte hori ebazteko bozketak— kalte ekonomikoa baino, ondorio nagusia izango da "gurekin etxea konpartitu duten batzuk joan egingo direla. Hainbeste gauza egin ditugu elkarrekin, eta orain, moztu egingo da elkarlana. Ez da gauza bera kanpoan ala barruan egotea", ohartarazi du.

Kooperatiben taldearentzat aste erabakigarriaren atarian, Mugerzari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Azaldu duenez, "prentsatik" ezagutu dute bi taldeen asmoa eta, euren ustez, "bazegoen beste era bat, ondo egiteko modua zegoen, elkarrekin, nahiz eta desadostasun sakonak eduki". Korporazioko Kongresuko presidentea ere badenak azpimarratu du oraindik ez dituztela Ulmaren eta Oronaren arrazoiak ezagutzen. Ekainean korporazioarekin beste harreman bat izatea proposatu zietenean, "ez ginen edukian sartu, baina galdetu genien zein zen arrazoia: ez ziguten eman". Gainera, kongresua urte amaieran izanda, "presaka" hartu behar zuten erabakia. "Erantzun genien izaera aldaketa bat zela, beste Mondragon bat izango zela", argitu du.

Mondragon Korporazioaren buruzagiaren ustetan, "elkarrekin gehiago gara, eta ez da uste bat, errealitate bat da. Mondragonen txapela azpian denok gaude ondo". Hala, Mugerzak azpimarratu du kooperatiben taldea "oso indartsu" dagoela, aitortu badu ere "mina eginda dagoela". Dena dela, azkenean, taldea uztea erabakitzen badute, "eurena izango da erabakia, eta beste enpresekin dugun erlazio bera izango dugu eurekin". Lagun Arok eta Mondragon Unibertsitateak Ulma eta Orona taldeei zerbitzuak eskaintzen jarraituko ote duten galdetuta, Mugerzak esan du hori "Lagun Aroren eta Mondragon Unibertsitatearen bertako organoek" erabakiko dutela, "autonomoak dira eta".

Azkenik, Mugerzak nabarmendu du ez dutela uste beste kooperatiba batzuek Ulmaren eta Oronaren bide bera hartuko dutenik: "Asko batu gara, ez ditugulako ulertu jokaera hauek. Bazkideok nahi duguna izango da Mondragon; oso batuta gaude, eta etorkizunean ere batuta egongo gara".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Mondragon korporazioa bideoak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Enpresen albisteak