Ekonomia -
Inflazioa
Horrela garestituko zaigu Gabonetako menua
Azaroko urte arteko KPIa, ezagutzen dugun azken datua, erreferentziatzat har dezakegu Gabonetan erosketak zenbat garestituko diren jakiteko.
M. D. | I. G. | EITB Media
Aurtengo Gabonetako erosketak inoiz baino garestiagoak izango dira. Gure poltsikoak prestatzen hasi dira egun hauetan ohikoak diren jakiak erosi ahal izateko.
Duela hilabete batzuetatik jasaten ari garen prezioen igoera orokorra are nabarmenagoa da elikagaietan. Supermerkatura goazen bakoitzean ikusten dugu. Horregatik, geure buruari galdetzen diogu: Zenbat garestituko ote dira gure Gabonetako erosketak?
Haragia izan ohi da gure elikaduraren oinarria jai hauetan, mokadutxotik hasi eta plater nagusietaraino. Azaroko KPIaren behin betiko datuaren arabera, txerri haragia % 12,3 igo da azken urtean. Horrek eragina izango du urdaiazpikoaren prezioan.
Txuleta aukeratzen duten familiek are gehiago ordainduko dute, 2021arekin alderatuta, behi haragiaren prezioa % 13,2 igo baita.
Arrainaren prezioak ere gora egin du. Azken urtean, % 10,9 igo da, eta, beraz, legatza saltsa berdean edo bakailao kokotxak aukeratzen dituenak ere garestiago ordainduko ditu.
Gabonak itsaskiak jateko aprobetxatzen dituztenek ere iaz baino askoz garestiagoa dela nabarituko dute. Krustazeoen eta moluskuen prezioa % 12,5 igo da abendura arte.
Turroia, polboroiak eta mazapana Gabonetan bakarrik saltzen dira. Hala ere, aurreikus dezakegu horien prezioek ere gora egingo dutela 2021ekoekin alderatuta. Beste elikagai prestakin batzuen azaroko KPIa % 14,4koa izan da.
Urteko sasoi honetan, alkoholaren kontsumoak ere gora egiten du, batez ere gure etxeetan. Atal horri dagokionez, KPIa zertxobait txikiagoa da, baina familiak dardarka jarriko dituen mailetan jarraitzen du. 2023 zoriontsu baten esperoan cavarekin edo xanpainarekin topa egiten duenak 2022ko hasieran baino % 9,2 gehiago ordainduko du.