Ekonomia -

LAN GATAZKA

Greba eguna dute Amazonen Trapagarango zentro logistikoan

LAB sindikatuak greba egitera deitu ditu langileak ostegun eta ostiral honetan, hitzarmen propioa eskatzeko. ELAk ere bat egin du grebarekin eta mobilizazioekin.

Amazoneko langileak Trapagarango zentro logistikoaren aurrean. Artxiboko argazkia: @LABsindikatua
Amazoneko langileak Trapagarango zentro logistikoaren aurrean. Artxiboko argazkia: @LABsindikatua
Amazoneko langileak Trapagarango zentro logistikoaren aurrean. Artxiboko argazkia: @LABsindikatua

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amazonen Trapagarango logistika zentroko langileak greba egitera deituta daude gaur, osteguna, eta bihar, ostirala, Olentzero Euskal Herriko etxeetara iritsi bezperatan. Besteak beste, lan hitzarmen propioa izatea eskatzen dute. ELAk ere bat egin du grebarekin eta mobilizazioekin.

Ez da Bizkaiko lantegian egingo duten lehen greba eguna. Izan ere, LABek ohar batean nabarmendu duenez, urriaren 17ko lanuztea eta azaroaren 28ko greba arrakastatsuak izan ziren.

LABek salatu duenez, langileei aplikatzen zaien lan hitzarmena "ez da inola ere egokitzen beren lanaren ezaugarrietara". Gaur egun, Bizkaiko errepide bidezko salgaien garraioaren sektoreko hitzarmena aplikatzen zaie langileei. Gainera, Trapagarango zentro logistikoan aritzen diren azpikontratatutako 300 banatzaile baino gehiagori Estatuko Mezularitza Hitzarmen Kolektiboa aplikatzen zaie. Greban dauden langileek hitzarmen propioa eskatzen dute, soldatak berrikustea, lan txandak eta lanaldiak berrantolatzea, lanbide kategoriak egokitzea, etab.

Sindikatuak adierazi duenez, lan prekarietatea nagusi da Amazonen Trapagarango zentroan, eta gaixoaldiak "ugariak eta iraupen luzekoak" dira, eta aldi baterako laneko enpresen bitartez betetzen dira. Gaineratu duenez, aplikazioen bidez langileak kontrolatzeak estres maila eta, ondorioz, lan istripuak areagotzen ditu, eta langileak muga-mugan lan egitera behartzen ditu.

ELAk, bere aldetik, bat egin du Amazoneko langileen borrokarekin, eta grebara batu daitezen animatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Grebak Multinazionalak Ekonomia Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Sindikatuak Espainian Amazon albisteak Lan gatazkak gaur Trapagaran argazkiak