Ekonomia -
Nafarroako Gobernua
Nafarroan 132 milioitik gorako 'zuloa' dagoela iragarri du Jimenezek
PSNk zulo horretan erantzukizunik izatea ukatu du Nafarroako presidenteordeak, bere hitzetan, sozialistek "ontzat" hartu dituztelako beti Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako zifrak.
Erredakzioa
Nafarroako Alderdi Sozialista 132 milioitik gorako zuloari aurre egiteko "beharrezko erabakiak" hartzeko prest dagoela azpimarratu du Roberto Jimenez presidenteordeak. Izan ere, Jimenezen iritziz, zuloa 132 miliotik gorakoa izango da eta horren ardura guztia Ekonomia eta Ogasun kontseilariarena da.
Ekainaren 1ean Alvaro Miranda kontseilariak iragarritako 132 milioiko murrizketak sortutako Gobernu-krisia aipatu du Jimenezek. Murrizketa hori 54 milioiko beste bat iragarri eta gutxira plazaratu zuen Gobernuak, eta Exekutiboko alderdien artean tirabirak sortu zituen. "Konfiantza krisi" horren ondorioz, esan du presidenteordeak, PSNk "Nafarroako kontuen auditoria antzeko bat" exijitu zuen, Ekonomia Departamentuak emandako "datu aldakorrez" haratago joateko.
Gaur egun arte aztertutakoaren arabera, "zuloa 132 milioikoa baino dezente handiagoa dela uste dugu". Egoera ikusita, Nafarroako sozialistak "beharrezko erabakiak hartu eta Nafarroaren bideragarritasuna bermatzeko prest" daudela azpimarratu du Jimenezek.
"Erabakiak hartu behar ditugu" Jimenezen ustez, "ezinbestekoa da erabakiak hartzea eta bideragarritasuna bermatzea, baita baliabide egokienak izatea ere, horrelakorik berriro gerta ez dadin".
Nafarroako presidenteordean ukatu egin du, gainera, bere alderdiak zulo horretan erantzukizunik izatea, Gobernuan izan diren urtebetean "ontzat" eman baitituzte Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emandako datuak. Orain, aldiz, "irmo jardun" nahi dute sozialistek "beharrezko erabakiak hartzeko", aurretik neurri bat bera ere baztertu barik.