Ekonomia -
Krisiaren kontrako erabakiak
Nafarroak osasun-zentimoa eta lanaldia luzatzea onartu du
Nafarroako zerga-bilketa % 13,5 jaitsi dela eta horri "ahalik eta azkarren" aurre egin behar zaiola azpimarratu du Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak zerga-bilkeatekin lotutako zenbait erabaki hartu ditu foru-lege baten onarpenaren bidez. Erabaki horiek diru-sarrerak handitzeko helburua dute, eta, besteak beste, osasun-zentimoaren ordainketa eta langile publikoen lanaldiaren luzapena ekarriko dute.
Proiektua bilkuren denboraldiko azkenaurreko saioan eztabaidatu dute, eztabaida izapide zuzenekoa eta irakurketa bakarrekoa izan da. Bozkatzeko orduan, UPNk, PSNk eta PPNk foru-legearen alde egin dute eta NaBaik, Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak, aldiz, kontra.
Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordea eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak lege-proiektuaren alde hitz egin du. Esandakoaren arabera, "atzeraldiak eragin nabarmena du diru-sarrera publikoetan" eta Nafarroako zerga-bilketa % 13,5 murriztu dela azpimarratu du. Ondorioz, "ahalik eta azkarren" egin behar zaio aurre egoerari.
Lanaldiaren luzapenaOnartutako beste erabakietako batek maila berean jartzen ditu enpresa publikoetako langileak eta funtzionarioak. Guztiek 37,5 ordu egin behar dituzte astean, euren lan-itun propioa sinatu arte.
Erabaki guztiek foru-ogasunak dirua biltzeko gaitasuna handitzea lortu nahi dute, eta antolaketarekin lotuta dauden beste batzuen osagarri izango dira. Antolaketan "gastuak murriztea" da erronka, funtzionarioen lan-baldintzak aldatuz.