Ekonomia -
Murrizketak sektorean
Meatzariek martxa abiatuko dute ostiralean, oinez, Madrilera
Joan den maiatzaren 30etik greba mugagabea deitu dute, ikatzaren sektoreko diru-laguntzen murrizketengatik. Astearte honetan ere hainbat errepide eta trenbide moztu dituzte, protesta gisa.
Erredakzioa
Gaztela eta Leongo, Asturiaseko eta Aragoiko ehun meatzarik baino gehiagok Madrilera martxa abiatuko dute ostiralean, oinez, ikatzaren sektoreko diru-laguntzen murrizketengatik protesta egiteko.
Aurreikuspenen arabera, uztailaren 11n helduko dira Madrilera, eta, han, ''manifestazio handia'' egiteko asmoa dute, CCOO eta FITAG-UGT sindikatuetako ordezkariek jakitera eman dutenez.
''Mobilizazio sorta'' berri baten hasiera baino ez da deitutako martxa. Izan ere, ikatzaren sektorerako aurreikusita zeuden diru-laguntzetan % 60ko murrizketa ezarri du Gobernuak, eta, murrizketa hori bertan behera geratzea lortzen ez badute, meatzarien sindikatuetako ordezkariek ez dituzte mobilizazio eta protesta gehiago baztertzen, tartean Madrilen kanpatzea ere.
Maiatzaren 30etik greba mugagabea deitu dute sektorean.
Protestak ez dira eten kaleetan
Leongo Ciñera udalerrian, N-630 errepidea eta Renfeko trenbidea moztu dituzte astearte honetan meatzariek, eta, Guardia Zibilak istiluen kontrako materiala erabiliz sakabanatu behar izan ditu berriz ere. Astearte honetan bertan, greba orokorra deitu dute langileek, eta etenaldia erabatekoa izan da eskualde horietan.