Ekonomia -
Lan-arriskuak
Covid iraunkorra duen langile bati ezintasun iraunkor absolutua aitortu diote
Osasun egoitza batean lan egiten zuen zeladore honek “lan errendimenduarekin bateraezinak diren” hainbat sintoma ditu. ELA sindikatuak eraman zuen kasua epaitegietara. Ebazpenak kalte-ordainak eskatzeko aukera ematen dio.
EITB Media
Bilboko Lan Arloko Epaitegiak lan-istripuak eragindako ezintasun iraunkor absolutua aitortu dio Covid iraunkorra diagnostikatuta daukan osasun zentro bateko zeladore bati. ELA sindikatuak eraman zuen kasua epaitegietara.
Zeladoreak koronabirusak eragindako infekzioa izan zuen 2020ko martxoan, eta Covid luzea edo iraunkorra diagnostikatu zioten ondoren, baita Covid ondorengo neke kronikoa, Covid iraunkorreko sindrome depresibo erreaktibo larria eta narriadura kognitibo moderatua ere.
Aipatutako gaixotasunaren ondorioz, langileak nekea, zorabioak, ezegonkortasuna, insomnioa, laino mentala eta takikardiak izaten ditu, baita narriadura kognitiboa ere, arreta kontzentratuari eta iraunkorrari, prozesamendu abiadurari eta lan memoriari eragiten diena. Hori guztia lan errendimenduarekin bateraezina dela dio sindikatuak kaleratutako oharrak.
ELAk pozik hartu du epai hori "langile askori ondorio larriak utzi dizkien Covid iraunkorra aitortzen baitu". Sindikatuaren hitzetan, epai horrek aukera ematen dio Bidelagun Fundazioari, ELAren lan osasuneko fundazioari, kalte-ordainak eta prebentzio-neurriak ez betetzeagatiko prestazio-errekargua eskatzeko.
"Pandemiaren lehen olatuan lan egin zuten langileek babes-neurri egokirik gabe jardun" zutela gogorarazi nahi izan du sindikatuak.