Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Azpiazu: "AEBk enpresei laguntzeko hartu duen bidea ikusita, Europa atzean gera liteke berdin jokatu ezean"
Zergen erreforma mintzagai hartuta, adierazi du izan badituztela buruan zenbait neurri berri, baina oraindik ezin duela aurreratu zer aldatuko duten eta zer ez.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazu Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan zan da gaur, ostegunarekin, euskal ekonomiak bizi duen egoeraz eta Europan zein mundu mailan hartzen diren erabakiek Euskal Autonomia Erkidegoan duten eraginaz jarduteko.
Zentzu horretan, "inbertsio berdeak" egiten dituzten enpresei pizgarriak ematearen inguruan aste honetan AEBk egindako iragarpenaren harira, argi utzi du ez duela oso argi zer ari den gertatzen. "AEB erabaki asko ari da hartzen bere enpresei laguntzeko, eta Europan gauza bera egiten ez badugu, atzean gera gaitezke. Horrenbestez, enpresei bultzada ematen jarraitu behar dugu", esan du.
Zergen erreforma mintzagai hartuta, adierazi du izan badituztela buruan zenbait neurri berri, baina oraindik ezin duela aurreratu zer aldatuko duten eta zer ez. "Ikusi beharko dugu etorkizunari begira zein diren lehentasunak, eta, horretarako, baliabideak behar ditugu. Alderdiek erreforma fiskala bultzatzeko erabakia hartu zuten. Hortaz, hausnarketa sakona egin, eta aurrerantzean eman beharreko urratsetan pentsatu behar dugu orain", erantsi du.
Dena den, ez du garbi ikusten enpresen zergen afera, iruditzen zaiolako "ekonomiaren motorra" direla. "Kontuz ibili behar gara. Enpresariei laguntzea gure politika izan da. Europako arauaren barruan egon behar dugu, eta ikusiko dugu Europak zer egiten duen zergekin", azaldu du.
Europako funtsei dagokienez, Azpiazuk azpimarratu du urrats garrantzitsua dela aurrerantzean EAEk erabakitzea zein proiektu sartuko diren, alegia, "diru horrekin zer egin gure esku egotea".
Amaitzeko, inflazioa hizpide, Europako Banku Zentralak interesak igotzeko erabakiaz hitz egin du. "Igoera apurka-apurka egin behar da; osterantzean, ekonomiari balaztada eman ahal dio", sailburuaren esanetan.