Ekonomia -
AUTOMOZIOA
Auto elektrikorako jauzia ez da "erraza" izango eta "ahalegin handia" eskatuko du, Urkulluren arabera
2035erako errekuntza motorreko auto berrien salmenta debekatu nahi du Europar Batasunak. "Data gainean" dagoela aintzat hartuta, Europako errealitate "heterogeno" guztiak aintzat hartzearen alde egin du lehendakariak.
O. A. | EITB MEDIA
Euskadik denbora beharko du ibilgailu elektrikoaren errealitatera egokitzeko Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, aldaketa hori "ez da batere erraza izango eta ahalegin handia eskatuko du".
Europar Batasunak errekuntza motorreko auto berrien salmenta debekatu nahi du 2035erako eta "data gainean" dagoela onartu du Urkulluk. Ildo horretan, Alemaniak eta Frantziak kezka agertu dutela gaineratu du.
Urkulluren esanetan, "hau bezain garrantzitsuak eta beharrezkoak diren egokitzapenek guztion konpromisoa behar dute, eta Europa barruan oso heterogeneoak diren errealitateak kontuan hartu behar dira".
Edozein kasutan, "konfiantzaz eta baikortasunez begiratzen diogu etorkizunari".
Lehendakaria AIC-Automotive Intelligence Centerren eraikin berriaren inaugurazioan izan da gaur goizean, Zornotzan, Idoia Mendia eta Arantxa Tapia sailburuekin batera.
Bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk nabarmendu du automobilgintzaren sektorea "funtsezkoa" dela Euskadirentzat, eta sektoreko enpresak animatu ditu "ekiten, inbertitzen, berritzen eta kalitatezko enplegu aukerak sortzen" jarraitzera. Azaldu duenez, automobil industriak EAEko BPGaren % 25 ordezkatzen du eta hiru enpresa – Gestamp, CIE Automotive eta Mondragon Taldea – munduko lehen 100 enpresen artean daude.