Ekonomia -

SVB-REN PORROTA

Silicon Valley Bank banketxearen zuzendari berria: "Gure gordailuak herrialdeko seguruenak dira"

Finantza entitateak berriro zabaldu du, beste izen batekin (Silicon Valley Bridge Bank), eta funtsak bezeroen esku jarri ditu berriro. Ostiraleko inbertitzaileen ihesari buelta emateko "konfiantza" eskatu du, gordailuak AEBko Gordailuen Aseguruaren Korporazio Federalak babesten baititu.

SVBren bulego bat, New Yorken. Argazkia: EFE
SVBren bulego bat, New Yorken.
SVBren bulego bat, New Yorken. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tim Mayopoulos Silicon Valley Bank (SVB) AEBko banketxearen zuzendari berriak nabarmendu duenez, finantza erakundea normaltasunez ari da berriro eta bere gordailuak "herrialdeko seguruenak" dira. Entitateak beste izen batekin —Silicon Valley Bridge Bank— eta beste zuzendaritza batekin zabaldu ditu ateak. 

"Berriro altxatzeko, konfiantza berreskuratzeko eta berrikuntzaren ekonomia sustatzen jarraitzeko eginahalak egiten ari gara", esan du ohar bidez Mayopoulosek. Horren arabera, bezeroek eskura dituzte euren gordailu guztiak, eta AEBko Gordailuen Aseguruaren Korporazio Federalak (FDIC, ingelesez) babestuta daude. Horrek, Mayopoulosen esanetan, "SVBren gordailuak herrialdeko seguruenak egiten ditu".

AEBko erakundeek SVB Kaliforniako bankua, start-upen banketxea, itxi behar izan zuten ostiralean inbertitzaileen ihes masibo bat tarteko. Kolpean 1.800 milioi galdu zituen entitateak. 

Hain justu, gordailuak banketxetik atera zituzten bezeroei zuzendu zaie Mayopoulos, eta horien zati bat berriro sartzeko eskatu die. "Bezero berriak ere nahi ditugu. Mota guztietako kontuak zabaltzen ari gara, mailegu berriak ematen", azaldu du. 

SVB banketxearen porrotak finantza sektorean izua eragin, eta Signature Bank kriptodiruaren industrian espezializatutako entitatearen hondamendia ere ekarri zuen. Burtsetan ere, 2008ko krisiaren mamua zabaldu zen, eta banketxeek jaitsiera nabarmenak izan zituzten, orain berreskuratzen ari badira ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa