Ekonomia -

Arrantza

Berdelaren kanpaina hasi da, eta gaurtik Eusko Labela izango du

Eusko Labelarekin bereiztuko da arrantza-tresna tradizionalak erabiltzen dituzten itsasontziek harrapatutako kalitate oso oneko berdela. Horrela, kontsumitzaileei Euskadiko berdela, kalitatezkoa, identifikatzeko aukera eman nahi zaie.

Eusko Label berdel kanpainaren aurkezpena. Argazkia: Irekia.
Eusko Label berdel kanpainaren aurkezpena. Argazkia: Irekia.
Berdelaren kanpainari ekin diote Euskadiko baxurako arrantzaleek

0:30

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral honetan hasi da Euskadiko berdelaren kostera, eta berrikuntza garrantzitsu batekin egin du, hemendik aurrera Eusko Label kalitate-bereizgarria izango baitu.

Horrela, berdela Eusko Labela duten produktuen familiara batu da, eta araudi tekniko zorrotz batean ezarritakoa bete beharko du. Zehazki, Eusko Labelekin identifikatuko da Euskadiko arrantza-tresna tradizionalak (amua eta inguraketa) erabiliz harrapatutako berdela, kalitate oso onekoa eta baxurako euskal artisau-flotaren ohiko eremuan harrapatutakoa. Arraina sailkatzeko orduan (Estra edo A), kalitate-kontuak hartuko dira kontuan, hala nola kanpoko itxura, azala edo trinkotasuna.

Horrela, kontsumitzaileei Euskadiko berdela, kalitatezkoa, identifikatzeko aukera eman nahi zaie.

Eusko Labeldun berdelaren aurkezpena Hondarribian egin da, eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu duenez, berdela Eusko Labelera gehituta, Euskadiko arrantza-sektoreari "tresna berri bat ematen ari zaio, bere produktuak merkatura ahalik eta balorizatuen irits daitezen, garapen komertzialerako aukera handiagoekin eta tresna berriekin".

Tapiaz gain, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea eta Euskadiko arrantza-sektoreko ordezkariak izan dira aurkezpen ekitaldian.

Berdela deskargatzen. Argazkia: Irekia.

Berdela deskargatzen. Argazkia: Irekia.

Berdelaren lehen deskarga garrantzitsuan, Euskadiko arrantzaleek 2.080.696 kilo harrapatu dituzte, eta batez beste 1,31 euroan saldu da kiloa. Antxoari dagokionez, 1.105.357 kilo arrantzatu dituzte, eta kiloa batez beste 1,68 euroan saldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Hondarribia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arrantza