Ekonomia -
Pentsioen erreforma
Ia 300 pertsona atxilotu dituzte Frantzian, pentsioen erreformaren kontrako enegarren protesta gauean
Macronek elkarrizketa eskainiko die bihar Frantziako bi telebista kateei, exekutiboaren barruan balizko aldaketen zurrumurruak hauspotuta. Halaber, zerbitzugune batzuk erregairik gabe geratu direla eta, esku hartu behar izan du Gobernuak.
Agentziak | EITB Media
Guztira 287 pertsona atxilotu dituzte bart gauean Frantzia osoan izandako protesta eta istilu larrietan. Milaka herritar kalera atera dira beste gau batez pentsioen erreformaren kontra egiteko, Frantziako Gobernuak haren kontrako bi zentzura mozioak ozta-ozta gainditu ostean (bederatzi boto eskasengatik).
Poliziak egindako behin betiko kontaketaren arabera, 234 pertsona atxilotu dituzte Parisen eta 53 Frantziako beste hiri batzuetan. Atxilo hartutakoei istiluak sortzea eta hiriko altzarien kontra egitea egotzi diete. Oposizioak, ordea, salatu du modu baketsuan protestan ari zirenak ere atxilotu dituela Poliziak, tartean Frantzia Intsumisoko kideak.
Parisen, ehunka lagun batu dira Les Invalides inguruan eta Asanblea Nazionaletik gertu (han eztabaidatu dituzte zentsura mozioak) eta Polizia oldartu zaienean, inguruko kaleetatik barreiatu dira. Batzuek istiluak sortu dituzte Montmartre, Opera edo Louvre inguruetan.
Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruzagiak "atxiloketak berehala eteteko" deia egin du. "Bart ehunka manifestari baketsu atxilotu ditu Poliziak indarra erabilita eta modu arbitrarioan. Besteak beste, Emma Fourreau Gazte Intsumisoen arduraduna eta Laurent Abrahams Frantzia Intsumisoko ekintzailea. Atxiloketak gelditzeko eta atxilotutakoak askatzeko eskatzen dugu!", esan du Melenchonek Twitterren.
Parisen ez ezik, Frantziako beste hiri batzuetan ere izan dira manifestazio eta istiluak. Marseillan, Le Figaro egunkariak Poliziaren iturriak aipatuta jakinarazi duenez, Prefekturan sartzen saiatu dira manifestariak, baina Poliziak eragotzi du, kargak eginez. Kalapitak jazo dira Tolosan eta Bordelen. Azken honetan negarra eragiteko gasak erabili dituzte agenteek, manifestariak sakabanatzeko. Protestak izan dira, halaber, Montpellierren (hegoaldea), Nancyn eta Estrasburgon (ipar-ekialdea), Dijonen (ekialdea) eta Rennesen (ipar-mendebaldea).
Erregai eskasiari aurre egiteko, esku hartzea
Frantzia hego-ekialdeko gasolina zerbitzugune batzuk erregairik gabe geratu direla eta, Frantziako Gobernuak esku hartu du eta lanera itzultzeko agindu die Fos-sur-Mer biltegiko grebalari batzuei. 48 orduko tartean lan egin beharko dute, erregaiaren hornidura bermatzeko.
Proventza-Alpeak-Kosta Urdina eskualdea erregaiz hornitzen ditu Fos-sur-Merreko azpiegiturak, baita Akitania ekialdea ere (Ipar Euskal Herrian ez omen dute eskasiarik, oraingoz). Gainera, Lyonera doan oliobidea bertatik ateratzen da.
Giro honetan, TF1 eta France 2 telebista kateei elkarrizketa eskainiko diela jakinarazi du Emmanuel Macronek. Bihar izango da, asteazkenarekin, gobernuan aldaketaren bat egingo duen argitu eta biharamunean.
Izan ere, Macronek Elisabeth Borne lehen ministroa eta beste hainbat ministro hartu ditu gaur goizean, Eliseoan. Aukeren artean, gobernuan eraldaketa sakona egitea, Borne bera kargutik kenduta. Bazkalorduan, berriz, Asanblea Nazionaleko eta Senatuko bi presidenteak hartuko ditu Frantziako presidenteak. Arratsaldean, gobernua babestu duten alderdietako buruekin bilduko da Macron.