Ekonomia -
AHT-A NAFARROAN
Iruñea eta Zaragoza arteko tren bidaia ordubetera murriztuko du AHTak
Hala jasotzen du Espainiako Garraio Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak aurkeztu duten azterlanak. Batetik, Campanas-Zuasti tarteko ibilbidea dago, 24 kilometrokoa, Iruñea inguruan, eta, bestetik, Zaragoza-Castejon tartekoa, 80 kilometroa, erdia baino gehiago Nafarroan.
EITB MEDIA
Aurrera jarraitzen du Nafarroan abiadura handiko trenbidea eraikitzeko asmoak. Espainiako Garraio Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak azterlan bat aurkeztu dute astearte honetan, eta bertan Iruñerriko Trenbide Begizta kentzea eta Iruñea eta Zaragoza arteko tren bidaia ordubetera murriztea aurreikusi dute. Gainera, Tuterak abiadura handiko geltoki propioa izango lukeela ere aurreratu dute.
Maria Chivite Nafarroako presidentea eta Xavier Flores Espainiako Garraio Ministerioko Azpiegituretako idazkari nagusiak aurkeztu dute azterlana prentsaurrekoan.
Alde batetik, Campanas-Zuasti 24 kilometroko tartearen ibilbidea izango litzateke, Iruñea inguruan. Horrekin, geltoki berri bat egingo da Etxabakoitzen. Azterlanak proposatzen duen aukerak 489 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, baina badira aldaera garestiagoak eta merkeagoak ere.
Bestalde, Zaragoza eta Castejon arteko tarteak 80 kilometro inguru ditu, horien erdia, gutxi gorabehera, Nafarroan. 1.500 milioi eurorainoko inbertsioa aurreikusten dute.
Dena dela, proektua lehen fasean dago oraindik. Orain, jendartera zabalduko da azterlana, eta, ondoren, proiektua onartu aurretik, ingurumen inpaktuaren azterlan bat aurkeztu beharko da.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentearen hitzetan, aurrerapauso sendoak ematen ari dira alor honetan, eta 2023a AHTa garatzeko urtea izango da.