Ekonomia -

LAN-ISTRIPUA

Bi pertsona hil dira eta beste bat desagertu, Kantabriako uretan arrantza-ontzi bat urperatuta

Mayor lurmutarraren parean hondoratu da "Vilaboa Uno" ontzia gaur goizaldean. Zazpi tripulatzaile bizirik atera dituzte.

Bi hildako, zauritu larri bat eta desagertu bat Santanderren, arrantza-ontzi bat hondoratuta

0:44

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi pertsona hil dira eta bat desagertu da, gaur goizaldean, Kantabriako uretan arrantza-ontzi bat urperatuta. Mayor lurmuturraren parean izan da ezbeharra. Ontzian zihoazen zazpi tripulatzaile bizirik erreskatatu dituzte.

Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak eman du berria, Twitter sare sozialeko bere kontuan. "Beste behin, ezbeharra itsasoan. Gaur goizaldean, 05:30ean, Santanderren egoitza duen Vilaboa 1 ontzia hondoratu egin da Mayor lurmuturraren parean", zabaldu du presidenteak.

Erreskate taldeko iturriek, bestalde, erantsi dute arrantzaleetako batek hipotermia larria izan duela, baina arriskutik kanpo dago eta ospitaletik atera da jada.

Hildakoetako bat Ghanakoa zen, eta bestea, Santanderkoa. Desagertutako arrantzalea, berriz, Perukoa.

Oraindik ez dute argitu zergatik gertatu den hondoratzea, 04:10 inguruan. Santanderko Arrantzaleen Kofradiako iturriek komunikabideen aurrean azaldu dute ez dutela ulertzen zer gertatu den, kontuan izanda ontzia ez zela arrantzatzen ari, eta itsasoa bare zegoela.

Bilboko Maria de Maeztu salbamendu ontzia ere ari da desagertuta dagoen tripulatzailea bilatzen.

Hildakoen gorpuak eta erreskatatutako arrantzaleak Santanderren daude dagoeneko.

Revillaren esanetan, "ulertezina" da gertatutakoa

"Armadorearekin hitz egin dut, eta esan dit desagertutako arrantzalea ontzi barruan egon litekeela, dena oso azkar gertatu delako. Ura bat-batean sartu da. Zerbaitek huts egin du edo, bestela, han zegoen norbait ez da adi egon, eta ura sartu da. Baliteke desagertutako laguna ontzi barruan egotea, eta horrek zaildu egingo luke erreskatea. Ez dakigu zenbateko sakoneran dagoen ontzia", adierazi du.

Erreskatatutako arrantzaleak "ondo daude", eta, "dirudienez, zauritua ez dago oso larri", zehaztu du.

Raquel Sanchez: "Ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu"

Garraio ministro Raquel Sanchezek adierazi du Gobernuak "bitarteko guztiak" erabiliko dituela desagertutako arrantzalea aurkitzeko.

Gertatutakoa deitoratu eta "elkartasuna, babesa eta doluminak" eman dizkie bi hildakoen senitarteko eta lagunei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Itsas istripuak gaur Kantabria Iparraldeko kostaldea albisteak Itotze kasuak