Ekonomia -

LAN GATAZKA

6 eguneko greba deitu du LABek maiatzean Bizkaiko adinekoen egoitzetan

Sindikatuaren hitzetan, gaur egungo egoerak "tratu txarrak" ematen dizkie bai langile bai egoiliarrei, eta protesta ekintzekin jarraitzeko asmoa berretsi dute.

Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileen mobilizazioa. Foto: EFE.
Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileen mobilizazioa. Foto: EFE.
Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileen mobilizazioa. Foto: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek manifestazioa egin dute gaur Bilbon, LAB sindikatuak deituta, eta maiatzerako beste 6 greba-egun deitu dituzte; hilaren 15etik 20ra. Sindikatuaren arabera, egoitzetako "gaur egungo ereduak gaizki tratatzen ditu" bai langileak baita egoiliarrak ere.

"Aldundiak ezartzen duen zerbitzuaren pribatizazioak tratu txarrak ematen dizkie langileei, haien lan-baldintzak prekarizatzen dituztelako, baina baita egoiliarrei ere, ez baita kalitatezko zaintzarik eskaintzen", esan du LAB sindikatuak. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuari eta sektoreko enpresei dei egin diete, eta "adinekoen duintasunarekin eta lan-baldintzekin negozioa egiten dela ikusteaz nazkatuta" daudela jakinarazi diete. Hori dela eta, aldarrikapenak lortu arte borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute.

Egoitzetako langileen eskakizunen artean daude soldatak lan bera egiten duten langile publikoekin parekatzea, bajak lehen egunetik ordezkatzea eta lan-osasunari buruzko benetako neurriak hartzea.

Horrez gainera, LAB sindikatuak gaur egungo ratioa "ankerra" dela eta egoiliarrei eta langileei etengabe "tratu txarrak ematen" dizkiela salatu du. Administrazio publikoak egiten ditu egoera honen arduradun, eta erantzukizuna beren gain hartzea eta egoera horri irtenbidea ematea eskatzen die. Hain zuzen ere, LABek egoera arinduko luketen hainbat neurri proposatzen ditu, besteak beste, gauetan 15 egoiliarreko 2 zaintzale egotea, egunez 4 egoiliarreko zaintzaile bat egotea, eritzaintza zerbitzua 24 orduz ematea eta 16 egoiliarreko zaintzaile bat egotea.

Egoera bideratzeko bidean jarri arte, protesta-ekintzei eutsiko dietela zehaztu dute langileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia LAB Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak