Ekonomia -

TXOSTENA

EAEko herritarrek soldataren herena bideratzen dute hipoteka ordaintzera

Interes-tasen igoerak izan duen inpaktu soziala neurtu du Etxebizitzaren Euskal Behatokiak. Horren arabera, EAEn iaz sinatu ziren hipoteken hileko kuotaren batezbestekoa 720 eurokoa da. Oraingoz, Euriborraren igoerak ez du eraginik izan sinatutako hipoteka kopuruan.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan iaz sinatu ziren hipoteken batez besteko kopurua 163.000 eurokoa izan zen, 2019an baino 13.000 euro gehiago, eta horiek ordaintzeko kuota batez beste 720 eurokoa da, Espainiako Estatuan baino 49 euro gehiago. Hala, herritarrek euren soldataren herena bideratu behar dute hipoteka ordaintzera, duela sei urte (% 26) baino lau puntu gehiago.

Interes-tasen igoerak —martxoan Euriborra % 3,64an kokatu zen— Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako inpaktu soziala neurtu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzaren Euskal Behatokiak, eta gaur zabaldu ditu emaitzak. Horien arabera, zorpetze maila asko aldatzen da etxebizitzaren kokapenaren arabera: Gipuzkoan eta Bizkaian zorpetzea askoz altuagoa da, Araban baino.

Txostenaren ondorioetako bat da Euriborraren igoerak oraingoz ez diola eragin hipoteken kopuruari, goranzko joerari eusten baitio: 12,146 mailegu sinatu ziren 2013an, eta 22.905, berriz, iaz. Nolanahi ere, ikerketaren arabera, oraindik goiz da interes-tasen igoerak hipoteketan izango duen inpaktu erreala zein den jakiteko. 2023an ikusiko omen dira igoera horren eraginak familiei eta enpresei kreditua eskuratzeko orduan jarritako baldintzetan.

Hipoteken interes mota, baina, nabarmen aldatu da jada. 2022an izenpetutako hipoteken erdiek baino gehiagok interes finkoa zuten; orain sei urte, berriz, hipoteken % 90 interes aldakorrekoak ziren.

Halaber, 2023an eta 2024an hazi egingo da hipoteka ordaintzera soldataren % 30 baino gehiago (onargarritzat jotzen den langa) bideratu behar duten herritarren kopurua, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren azterketak jaso duenez.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Mario Yoldi Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak zehaztu du  urtebetean % 2 egin duela gora hipoteken kuotak. Horren iritzian, onargarria den langa gainditzear dago. Ez du uste, gainera, Euriborrak behera egingo duenik.

Horren aurrean, ahalegin bat egiteko eta bezeroei ezarritako baldintzak arintzeko eskatu die bankuei.

Mario Yoldi: ''Euriborrak igotzen jarraituko du 2023an''
Mario Yoldi: ''Euriborrak igotzen jarraituko du 2023an''
Mario Yoldi: ''Euriborrak igotzen jarraituko du 2023an''

0:48
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza