Krisi Ekonomikoa -
Aldebiko goi-bilera
Italiak ez du laguntzarik behar defizitarekin, Montiren hitzetan
Mario Monti eta Angela Merkel Erroman batzartu dira, Finlandia eta Holanda Europako erreskate-funtsa erabiliz herrialdeen zorra erosteko proposamenaren kontra agertu ondoren.
Erredakzioa
Defizitari aurre egiteko Italiak laguntzarik behar ez duela esan du asteazken honetan Mario Monti Italiako lehen ministroak. Aurreikuspenen arabera, defizita BPGaren % 2 izango dela azaldu du. ''Europako batez bestekotik hurbil'', gaineratu du.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin Erroman egin duen bileraren ondoren egin ditu adierazpenek, prentsaurrekoan. Italiako lehen ministroak eta Alemaniako kantzilerrak finantza krisiaren auzia izan dute hizpide, eta, ekainaren 28 eta 29an Bruselan egindako goi-bileraren ostean, estreinakoz batzartu dira. Goi bilera horretan adostutako neurriekin ''pozik'' dagoela esan du Montik.
Finlandia eta Holanda Europako erreskate-funtsa erabiliz herrialdeen zorra erosteko proposamenaren kontra agertu ondoren egin dute batzarra Erroman. Bigarren mailako merkatuan arazoak dituzten herrialdeei laguntzeko bultzatu zuen Mario Montik ekimen hori, eta Europako Kontseiluaren azken bileran adostutako neurrietako bat izan zen.
Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak Bruselako goi bileran hartutako erabakiak errespetatzea eskatu zien komunitateko bazkideei. “Inork ezin ditu hartutako erabakiak blokeatu”, esan zuen presidenteak, nahiz eta erabakiak guztien adostasunari esker hartzen dituen Egonkortasunerako Europear Mekanismoa (MEDE) oraindik ez dagoen martxan.
Ildo nagusiak
Gai horri buruz, Merkelek “eskaera zehatzik” ez dagoela esan zuen; “beraz, oraingoz ez da zertan maniobrarik egin”, horren ustez. Europar Batasunaren azken goi-bilerako eztabaidak “orokorrak” izan zirela aipatu zuen, eta funts horiek bete beharreko ildo nagusi batzuk dituztela azpimarratu zuen.