Krisi Ekonomikoa -
Murrizketak
EAJk neurri ekonomiko eskuindarrak ezar ditzakeela ohartarazi du PSEk
Rodriguez sozialistaren iritziz, EAJk ez dizkie herritarrei krisiaren aurkako errezetak aurkeztuko, "CIUk aurkeztu dituenetatik oso gertu daudelako".
Erredakzioa
Oscar Rodriguez PSEko Legebiltzarreko bozeramailearen iritziz, EAJk krisiari aurre egiteko bere "errezetak ezkutatu" egingo ditu, "eskuinetik eta Kataluniako CIUk aurkeztu dituenetatik oso gertu daudelako".
Rodriguezen ustez, jeltzaleek ez dizkiete herritarrei krisiaren aurkako proposamenak aurkeztuko, eta ez diote Jaurlaritzari bide horretan laguntzarik emango. Azken hiru urteetan, jeltzaleek krisiari aurre egiteko proposamenik aurkeztu ez dutela gaineratu du Rodriguezek.
"Hori da EAJren abertzaletasuna: Gobernuan nagoenean, gora Euskadi baina, gobernuan ez banago, hobe Euskadik porrot egingo balu".
Oscar Rodriguezek eta Maria Gonzalez Veracruz PSOEko diputatuak agerraldia egin dute gaur Gasteizen. Azken horrek Patxi Lopezek martxan jarritako "Euskadi eredua" goraipatu du, eta Mariano Rajoyren Gobernuak ezarritako murrizketak gogor kritikatu ditu. "Murrizketa horiek ekonomia gelditu egin dute", gaineratu du.
Jaurlaritzak Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntza arloan mantendu duen jarrera azpimarratu du Veracrucek, Rajoyk Aurrekontuetan eginiko murrizketen aurrean. Rajoyren neurriek Espainiako ikerketak "kolokan" jarriko dituztela gaineratu du.
Laura Mintegi EH Bilduko koalizioko lehendakarigaiari buruz esan du ezker abertzalearen proposamen politikoak ezagutzea "faltan" bota duela.