Ekonomia -
LAN GATAZKA
Gipuzkoako errepideetako mantentze zerbitzuko langileek greba amaitu dute, % 22ko soldata igoera adostu ostean
Ia urtebete iraun duen grebaren ostean, Gipuzkoako errepideetako mantentze lanak egiten dituzten aldi baterako enpresa-elkarteekin parekatzea lortu dute. Gainera, aurrerantzean zeregin horietan aritzen diren 22 pertsonak ITS UTE enpresako langileak izango dira.
EITB Media
Ia urtebete iraun duen grebari amaiera eman dion akordioa lortu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepideetako mantentze elektrikoa egiten duten 22 langileek. Besteak beste, % 22ko soldata igoera eta azpikontratazioari mugak jartzea adostu dute. Guztira, 363 egun egin dituzte greban.
ELA sindikatuak azaldu duenez, Gipuzkoako errepideetako mantentze lanak egiten dituzten aldi baterako enpresa-elkarteekin parekatzea lortu dute. Ondorioz, greba hasi aurretik baino 6.000 euro gehiago irabaziko dituzte urtean. Gainera, plus berriak adostu izanak soldata beste % 10 igotzea eragin dezake.
Era berean, ELAren esanetan, hein handi batean azpikontratazioari muga jarri diote, eta GERTEK enpresako langileak ITS UTE enpresara igaroko dira. Orain arte, 22 langile horietatik 10 GERTEK enpresako langileak ziren.
Akordioa ospatzeko, gaur goizean "azken kontzertua" eskaini dute Zarauzko ordainlekuan; izan ere, horrela egin dute protesta greban eman dituzten egun guztietan.
"Beste behin agerian geratu da", ELAren arabera, "greba eta sindikatu sendo baten babesa direla lan gatazkak irabazteko gakoa".