Ekonomia -

Manifestazioak

Sindikatuek erakundeen esku-hartzea eskatu dute lan-osasuna bermatuko duten neurriak hartzeko

Lan Osasuneko eta Segurtasuneko Nazioarteko Egunaren harira, LABek eta CC. OO.k amiantoaren biktimak izan dituzte aldarrikapenen erdigunean, eta UGTk buruko osasunean jarri du azpimarra. ELAk salatu du gobernuek ez dutela baliabiderik lan-istripuak galarazteko.

ELAren manifestazioa, Donostian. Argazkia: ELA
ELAren manifestazioa, Donostian. Argazkia: ELA
ELAren manifestazioa, Donostian. Argazkia: ELA

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herrian ordezkaritza duten sindikatuak kalera atera dira gaur, Lan Osasuneko eta Segurtasuneko Nazioarteko Egunean, lan osasunerako eskubidea aldarrikatzeko eta enpresei eta erakundeei lan-istripuen kontrako neurriak eskatzeko.

ELAk enpresek eta gobernuek lan-istripuen aurrean duten "inpunitatea" eta "konplizitatea" salatu du Donostian egindako manifestazio batean.  Peio Igeregi ELAren Lan Osasuneko arduradunak adierazi du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak "borondaterik eta baliabiderik ez" dutela, eta horiek direla, hain zuzen ere, "2022an izandako 71 lan heriotzen eta 2023ko 15en benetako erantzuleak". Era berean, "enpresen inpunitatea"z ohartarazi du.

Horren aurretik, sindikatuak formazio ekitaldi bat egin du, Kursaalen, teknologia berriek eta digitalizazioak lan-baldintzetan dituzten eraginen inguruan.

LABek Iruñeko Civivoxen egin ditu gaurko ekitaldiak, manifestazioaz gain asanblada egin baitu prebentzio arloko ordezkariekin. Igor Arroyo sindikatuaren koordinatzaile nagusiak salatu du lan osasuna ez dela lehentasuna erakundeentzat, eta amiantoaren biktimak jarri ditu adibide.

Arroyok adierazpenak egin ditu tren geltokiaren aurrean, eta "erakundeen utzikeria"ren adibide gisa, ondoko eraikin batean oraindik amiantoa dagoela jakinarazi du. Nafarroa osoan sei milioi metro koadro omen daude amiantoarekin kutsatuta.

Zentzu horretan, CC. OO. Euskadik zerga salbuespena eskatu die EAEko hiru foru aldundiei amiantoaren biktimek jasotako kalte-ordainarentzat, horrekin kalte-ordainerako funtsa osatuko delakoan.

Sindikatuak informazio asanblada bat antolatu du Bilbon "Amiantoaren kalte-ordain funtsa, bidezko tributazioaren alde" lelopean. Amaieran, ordezkari sindikalek manifestazioa egin dute Bizkaiko hiriburuaren erdigunean, Aldundiaren egoitzaraino.

Azkenik, UGT EUskadik jatorri psikosozialeko istripu eta gertakarien ikerketari buruzko jardunaldiak egin ditu, tartean Lan Ikuskaritzak arlo horretan egin duen lana aztertzeko. Juan Carlos Cardenas sindikatuaren lan osasuneko idazkariak buruko osasunean arreta jartzea eta "errealitate larri hori ikusaraztea eta konpontzeko baliabideak jartzea" eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Nafarroa ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak CCOO UGT