Krisi Ekonomikoa -
Ez dira aurreikuspenak bete
Interes tasa jaitsita ere, arrisku-sariak gora eta burtsak behera
Interes tasa % 0,75era jaistea erabaki du Europako Banku Zentralak, baina, ekonomia suspertzeko pizgarririk iragarri ez duenez, arrisku-sariak gora egin du, eta burtsak behera.
Erredakzioa
Europako Banku Zentralak interes tasa % 0,75era jaistea erabaki du ostegun honetan, inoizko mailarik baxuenera, Euroguneko hazkunde ekonomikoa bultzatzeko; baina, ez du ekonomia suspertzeko pizgarririk iragarri eta, hala, ez ditu inbertitzaileen aurreikuspenak bete. Horren ondorioz, Espainiako arrisku-sariak gogor egin du gora (540 puntura) eta burtsa % 2,99 jaitsi da.
Burtsak 7.000 puntuko maila galdu du
Espainiako burtsa % 2,99 jaitsi da ostegun honetan, eta 7.000 puntuko maila galdu du. Ibex 35ek 214,30 puntu galdu ditu, eta 6.954,20 puntuko mailan bukatu du jarduna. Urteko galerak % 18,82koak dira.Balore handi guztiek egin dute behera: BBVAk, % 4,81 egin du behera; Santanderrek, % 3,94; Iberdrolak, % 3,50; Repsolek, % 3,15; Telefonicak % 2,58; eta Inditexek, % 1,71.Eurogunearen ahultze-prozesua
Mario Draguiren ustez, EBZk "ahultze-prozesua antzematen du Eurogune osoan", "orain arte horrelakorik jasan ez duten herrialdeak barne".
"Euroguneak zituen zenbait arrisku gauzatu egin dira", azaldu du Draghik kontseiluaren bilera amaituta. EBZko presidentearen hitzetan, orain arte Euroguneko herrialde batzuek bakarrik jasan dituzte tentsioak. Zehazki, "urteko lehen hiruhilekoan, Euroguneko Barne Produktu Gordina (BPG) ez da hazi", eta "ezegonkortasunak eta hazkundearen ahultasunak gora egin dute" etorkizuna begira.
Draghiren esanetan, "bermearen zirkulazioa txikia da" Eurogunean, hiru arrazoirengatik: "arriskuak saortutako beldurra, kapital eza eta finantzazio falta".