Ekonomia -

AURREIKUSPEN EKONOMIKOAK

Espainiako ekonomia % 1,9 haziko da aurten, Europako Batzordearen arabera

Halaber, hurrengo urtean Espainiako barne produktu gordina % 2 igoko dela aurreikusi du. Euroguneko ekonomia, berriz, % 1 eta % 1,6 haziko da 2023an eta 2024an, hurrenez hurren.

Grafikoa: EITB Media
Grafikoa: EITB Media
Grafikoa: EITB Media

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak bost hamarren hobetu du Espainiaren aurtengo hazkunde aurreikuspena, % 1,9raino, eta hurrengo urtean % 2 haziko dela aurreikusi du. Euroguneko ekonomia handien artean Espainia haziko da gehien, Herbehereak (% 1,8), Italia (% 1,2) eta Frantzia (% 0,7) atzetik dituela.

Europar Batasuneko eta euroguneko barne produktu gordina, hurrenez hurren, % 1 eta % 1,1 handitzea espero du aurten, eta % 1,7 eta % 1,6, hurrengo urtean.

Espainiako Gobernuak azpimarratu du Espainia izango dela, hirugarren urtez jarraian, euroguneko ekonomia nagusien artean gehien haziko dena. Halaber, nabarmendu du enplegua euroguneko batez bestekoa baino gehiago haziko dela 2023an eta 2024an.

"Atzeraldirik ez, baina hazkundea moderatua izango da", laburbildu du Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak. Inflazioari dagokionez, "moteltzen" jarraituko duela azaldu du, baina 2024an azpiko inflazioak "bere batez besteko historikoaren ia bikoitza" izaten jarraituko duela.

Halaber, inflazioa neguan aurreikusi baino txikiagoa izango omen da aurten Espainiako Estatuan, % 4koa, baina altua izaten jarraituko du. 2024an, ostera, % 2,7an kokatuko dela iragarri du Europako Batzordeak.

Espainiako KPIa Europar Batasuneko datutik behera geldituko da, 2023an % 6,7koa eta 2024an % 3,1ekoa izango baita.

Batzordeko agintariek ohartarazi dute azpiko inflazioak "altua" izaten jarraituko duela aurten (% 6,1) eta hurrengo urtean (% 3,2).

2024an Espainiak eta Frantziak % 3ko defizit muga gaindituko dutela aurreikusi du Europako Batzordeak, % 3,3 eta % 4,3koa izatea espero baitu. Errusiak Ukraina inbaditu ondoren, defizit muga malgutzea erabaki zuen Europak, baina 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera berriro egongo da indarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Espainia KPI gaur Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak BPGd gaur