Ekonomia -
Higiezinen merkatua
Etxebizitzen salerosketek behera egin dute berriro ere Hego Euskal Herrian
Zehazki, 2.589 etxebizitza saldu ziren Euskadin eta Nafarroan martxoan; otsailean, berriz, 2.700 izan ziren saldutakoak.
EITB MEDIA
Etxebizitzen salerosketek berriro ere egin dute behera martxoan; izan ere, urte arteko tasan, % 5,7ko beherakada izan dute mota horretako transakzioek. Beraz, adierazle hori hozten ari da, eta bi hilabetez jarraian joera negatiboak pilatu ditu, interes-tasen igoeren eta finantzaketaren garestitzeen ondorioz.
Zehazki, aurreko hilaren aldean ia lau puntu murriztu dira etxebizitzen salerosketak Hego Euskal Herri osoan, % 3,79, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) argitaratutako datuen arabera. Are gehiago, urte arteko tasari dagokionez, Nafarroan % 29ko jaitsiera izan da, eta Euskadin, berriz, % 9,1ekoa.
Guztira, martxoan 55.778 eragiketa kontabilizatu ziren Estatu osoan, horietatik 2.017 Euskadin eta 572 Nafarroan.
Oro har, abendua % 10etik gorako jaitsierarekin itxi ondoren, beheranzko joerak eten egin ziren urtarrilean, Estatu osoan % 6,6ko igoera erregistratu baitzen. Otsailean proportzio berean jaitsi ziren berriro, eta joera horrek jarraitu egin zuen martxoan.
Hilabete horretan, batez ere etxebizitza berrien salerosketek egin zuten behera, urte arteko % 7,5eko beherakadarekin, 10.469 salduta.
Bigarren eskuko etxebizitzen salerosketek, berriz, merkatuaren buru izaten jarraitu dute, eragiketen % 80 baino gehiago baitira; hala ere, martxoan % 5,3 egin zuten behera, 45.309 salerosketarekin.
Dena dela, otsaileko datuekin alderatuta, oro har, biek egin zuten Estatuan: % 11,9 hazi dira bigarren eskuko etxebizitzen salerosketak, eta % 7,9 etxebizitza berrienak.
Kontuak kontu, aurten, etxebizitza berrien salerosketek % 3,9ko jaitsiera metatu dute, eta erabilitako etxebizitzen kasuan % 1,6koa.
Martxoan izandako salerosketen % 90 baino gehiago (51.302) etxebizitza libreak izan ziren, aurreko urteko hilabete berean baino % 6 gutxiago.
Etxebizitza babestuen kasuan, 4.476 transakzio izan ziren, 2022an baino % 2,8 gutxiago.
Nafarroan % 29 jaitsi da eta Euskadin % 9,1
Autonomia-erkidegoen arabera, 12 lurraldek izan zituzten urte arteko jaitsierak martxoan; beherakadarik handienak Nafarroan (% 29), Balear Uharteetan (% 26,8), Kantabrian (% 17,9), Madrilen (% 15,3) eta Aragoin (% 15) izan ziren.
Gaztela-Mantxan (% 11), Euskadin (% 9,1), Galizian (% 8,2), Katalunian (% 7), Andaluzian (% 6,3), Murtzian (% 4,2) eta Gaztela eta Leonen (% 0,3) ere jaitsierak izan dira.
Aitzitik, Extremaduran (% 8,2), Asturiasen (% 7,2), Valentzian (% 6,9) eta Errioxan (% 1,2) bakarrik egin zuen gora salerosketa-kopuruak.