Ekonomia -

Etxebizitza

Etxebizitza legea, indarrean

Besteak beste, alokairuaren prezioei muga ezarriko die (2024an, gehienez % 3) eta gune tentsionatuak izendatuko ditu. Errentatzaileentzat Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ezarritako pizgarriak 2024ko urtarrilean sartuko dira indarrean.

Alokairuaren prezioei muga ezartzen die legeak. Artxiboko argazkia: EFE
Alokairuaren prezioei muga ezartzen die legeak.
Alokairuaren prezioei muga ezartzen die legeak. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitza Eskubidearen aldeko Legea gaur, ostiralarekin, sartu da indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean behin argitaratuta. Hori horrela, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak egin baino lehen egongo da martxan. 

Araudiaren neurri gehienak gaur bertan sartu dira indarrean (alokairuen prezioari muga jartzearena, besteak beste), baina alokatzaileentzat Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) aurreikusitako pizgarriak 2024ko urtarrilaren 1era arte atzeratu dituzte. 

Negoziazio bide malkartsua izan du arauak, eta M28ko hauteskundeen atarian desblokeatu zuten PSOEk, Unidas Podemosek eta ERC eta EH Bildu taldeek, akordioa erdietsita. Senatuak maiatzaren 17an onartu zuen, koalizio gobernua osatzen duten taldeen eta Gobernua babesten duten ezkerreko indarren aldeko botoarekin. Ifrentzuan, EAJk eta eskuineko beste alderdi batzuek bozkatu zuten. Aurrez, hilabete lehenago, onetsi zuen Kongresuak. 

Esan bezala, atzo kaleratu zuen araua BOEk, Estatuko Aldizkari Ofizialak. 

Legearen giltzarri nagusiak

Testuak muga jarriko die alokairuen prezioei. Aurten, ezingo dira % 2 baino gehiago igo, eta 2024an % 3an ezarriko da muga; 2025erako, indize berri bat sortuko dute, KPIaren bilakaeraren azpitik beharko duena. Espainiako Estatistika Institutuak ezarriko du tasa 2025eko urtarrilaren 1erako. 

Halaber, tentsio handiko guneak zeintzuk diren zehaztuko du. Bi baldintza hauetako bat bete beharko da izendapen hori jasotzeko: hipoteka edo alokairua eta gastuak ordaintzeko zenbatekoa familien batez besteko errenta baino % 30 handiagoa izatea edota azken bost urteotan salmenta edo alokairuaren prezioa KPIa baino % 3 gehiago igotzea. 

Bestalde, alokairua sustatzeko neurri gisa, bi urte baino gehiagoz etxebizitza hutsik duten jabeek % 50 eta % 150 arteko gainkargua izango dute Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. 

Gainera, maizter zaurgarrien kasuetan, alokairu kontratuak urtebetez luzatu ahalko dira. Etxegabetzeen kontrako hainbat neurri ere jasotzen ditu legeak: debekatuta egongo dira ordu eta datarik gabeko etxegabetzeak, eta horiek atzeratzeko formulak erantsi ditu. 

Etxebizitza, kanpainaurreko gai izarretako bat

M28ko hauteskundeen atarian eztabaidatzeagatik, kanpainaurreko hizpideetako bat izan da. EAEn, tentsioak eragin zituen Eusko Jaurlaritzako bazkideen artean (EAJ eta PSE-EE), jeltzaleek uste baitute legeak eskuduntzak urratzen dituela. Horren harira, EAJk gogor egin zuen EH Bilduren kontra legea babestu eta erkidegoena den eskuduntza batean Espainiako Gobernuari "alfonbra gorria jartzeagatik".  

Espainiako Estatuan, Pedro Sanchezek hainbat iragarpen egiteko baliatu du: besteak beste, Sareb-en etxebizitzen ingurukoak, Defentsa Ministerioaren lur-sailak alokairuzko etxebizitzak egiteko bideratzekoa edo hipotekaren % 20ri aurre egiteko ICOren abalak ematekoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Senatua Etxebizitza