Ekonomia -
ENPLEGUA
726 langabe gutxiago zenbatu dituzte maiatzean EAEn, eta 832 gutxiago Nafarroan
Guztira, 107.275 langabe daude EAEn eta 30.012 Nafarroan. Lehen aldiz, milioi bat pertsona baino gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda EAEn, eta Nafarroako afiliazioak marka historiko berri bat ezarri du: 306.530 pertsona.
O. A. |EITB Media
1.558 langabe gutxiago zenbatu dituzte maiatzean Hego Euskal Herrian, apirileko datuekin alderatuta: zehazki, 726 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe EAEn (0,67ko jaitsiera), eta 832 gutxiago Nafarroan (% 2,70eko jaitsiera).
Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera, urte arteko datuei erreparatuta, 6.077 langabe gutxiago zenbatu dituzte Lanbiden maiatzean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (% 5,36ko jaitsiera). Nafarroan, berriz, iazko datuak kontuan hartuta, 2.050 langabe gutxiago (% 6,39ko jaitsiera) zenbatu dituzte Nafarroako enplegu-agentzietan.
Gauzak horrela, guztira, 107.275 pertsona zeuden langabezian amaitu berri den hilabetean, Nafarroan, berriz, 30.012 pertsona.
Langabeziak behera egin du berriro EAEko lurralde guztietan, gizonen eta emakumeen artean, adin-tarte guztietan eta sektore guztietan. Gainera, lehen aldiz, milioi bat pertsona baino gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda, EAEn.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan 167 langabe gutxiago daude (% 0,59 gutxiago), Bizkaian 495 gutxiago (% 0,81) eta Araban 64 gutxiago (% 0,34). Iazko hilabete bereko datuekin alderatuta, jaitsiera % 7,05ekoa izan da Gipuzkoan (2.125 gutxiago), % 5,56koa Bizkaian (3.546 gutxiago) eta % 2,09koa Araban (406 gutxiago).
Nafarroako enplegu agentzia guztietan, adin-tarte guztietan eta sektore guztietan jaitsi da langabezia. Bestalde, Gizarte Segurantzako afiliazioak marka historiko berri bat ezarri du, 306.530 pertsona baitaude izena emanda.
Espainiako Estatu osoan 2.739.110 langabe zeuden erregistratuta maiatzean enplegu bulegoetan, apirilean baino 49.260 gutxiago (% 1,8ko jaitsiera). Lan Ministerioaren arabera, zerbitzuen alorrean egindako kontratazioek eragin dute oro har langabezia kopurua jaistea.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, "datu historikoak" dira. Gaineratu duenez, legegintzaldia hasi zenetik 64.000 lanpostu sortu dira.
Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak azaldu duenez, datu "onak" dira: batetik, Nafarroan erregistratutako langabezia 30.000 pertsonako zifra sinbolikoaren azpitik gelditu da, eta, bestetik, Gizarte Segurantzako afiliazioak marka historikoak hautsi ditu berriro.