Krisi Ekonomikoa -
Murrizketak, Euskadin
Eusko Jaurlaritzak aztertu egingo ditu Rajoyren murrizketak
EAEko funtzionarioek, hala ere, ez dute abenduko aparteko ordainsaria jasoko, egun libreen kopurua murriztuko diete eta antzinatasuna dela eta ez dute librantzarik izango, iturri ofizialen arabera.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Rajoyren murrizketak aztertuko ditu astelehen honetan, Gobernu kontseilua prestatzeko bileran. Astearte honetan, "jarrera sendo bat" izatea espero dute, Lehendakaritzako iturriek adierazi dutenaren arabera.
Jaurlaritzak neurrien "letra txikia" irakurri behar zuela esan zuen joan den astean. Hala ere, iturri ofizialek azaldu dutenaren arabera, euskal funtzionarioek ez dute abenduko aparteko ordainsaria jasoko, egun libreen kopurua murriztuko diete eta antzinatasuna dela eta ez dute librantzarik izango.
Madrileko Gobernuaren murrizketek Foru Aldundiei ere eragingo diete; izan ere, Dependentzia Legea eta ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria aldatzeko eskumena Aldundiek dute.
Bizkaian, Dependentzia Legeari dagokionez, Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak esan du erakundeak ez duela erabakirik hartu.
Dena dela, hainbat murrizketa neurri, BEZa igotzea esaterako, Euskadin ere ezarri beharko dira, foru erakundeek zerga arloan arauak ezartzeko ahalmena badute ere, araudi komuneko zerga kontzertatua baita, eta Estatuak ezartzen baitu.
Arabako Aldundiak (PPk agintzen du) zalantzan jarri du BEZa igotzeko erabakia eta "esportazioak direla eta" Araban zerga hori igotzea "bilketaren aurkakoa" izan daitekeela esan du.
Hala ere, Jaurlaritzak zenbait neurri legez bete beharko dituela, baina beste batzuk aztertu beharko dituztela esan du, funtzionarioen aparteko ordainsariari dagokionez, adibidez, hitzarmen kolektiboa aldatu beharko baitute.
Gipuzkoak dagoeneko aurreratu du ez dituela Rajoyren neurriak ezarriko, eta, Dependentzia Legeari dagokionez, koordainketa dekretua ez duela indarrean jarriko azaldu du.