Ekonomia -

Euriborra

Euriborra gehiengoetan: Erdi mailako hipoteka bat duela bi urte baino 340 € garestiagoa da hilean

Euriborrak % 4ko muga gainditu du ekainaren amaieran, duela bi urte hasi zuen gorako bideari jarraituz. Sei urtez balore negatiboetan egon ondoren, zenbaki positiboetan sartu zen 2022ko apirilean. Gaur egun, 2008ko neurrietara ari da gerturatzen, higiezinen burbuila lehertu zen garaiko zenbakietara.

Hipotekak 2 urtetan. Irudia: EITB Media
Hipotekak 2 urtetan
Hipotekak 2 urtetan. Irudia: EITB Media

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euriborra, etxebizitzen mailegu aldakor gehienak kalkulatzeko hartzen den indizea, lau puntu baino gehiago igo da bi urtetan. Ekaina amaitzear dagoen honetan, % 4ko muga gainditu du; zehazki, egunez eguneko azken datua, ekainaren 29koa, % 4,103n gelditu da eta hileko media % 4,001ekoa da, gaurko datu ofiziala falta baita. Hala ere, estimazioen arabera, gaur % 4,13an geldituko da eta, ondorioz, hileko batazbestekoa % 4,007koa izan daiteke.

OHARRA: Eduki honek grafiko interaktibo bat du, app-tik kanpo behar bezala ikusteko, jarraitu esteka honi.

2021eko ekainean balore negatiboetan zegoen (% -0,484) eta hainbat hilez jaisten jarraitu zuen, arik eta abenduan % -0,505era iritsi zen arte. Beraz, duela bi urte, 25 urtetan itzultzeko eta % 1eko diferentziala zuen 150.000 euroko erdi-mailako hipoteka bat kontratatuz gero, hilean 533,05 euroko kuota ordaindu behar zen.

2022ko urtarrilean, Ukrainako gerraren ondorioz prezioak igo zirela eta, interes tipoak igotzen hasi ziren eta euriborrak ere goranzko bideari ekin zion. Apirilean zenbaki positiboetan sartu zen, 6 urtez negatiboan egon ondoren, eta ekainean % 0,852an kokatu zen. Urtebetean ia 100 euro garestiago ordaindu behar zen hipotekaren hileroko kuota.

Urtebete geroago, % 4,001ean dago. Beraz, aurrez aipatutako hipoteka beraren hileroko kuota 876,89 eurokoa da orain. Alegia, duela bi urte baino 340 euro gehiago ordaindu behar dira.

Hipoteken igoera. Irudia: EITB Media.

Hipoteken igoera. Irudia: EITB Media.

2008ko udazkenean, higiezinen burbuila lehertu zenean, zuen baloreetara gerturatu da. Urte hartako uztailean historiako zenbaki altuena hartu zuen % 5,393. Ondoren, pixkanaka jaisten hasi zen: azaroan % 4,35ean kokatu zen, abenduan % 3,452an eta hurrengo urtean ere bide beretik jarraitu zuen.

¿Gorenera iritsi al da?

Analista guztien iritziz, arriskutsuegia da euriborra epe motz edo ertainean beheranzko bidean jarriko dela esatea. Arkaitz Urdapilleta ekonomistak gogorarazi digunez, indize hau Europako Banku Zentralak ezartzen dituen interes tipoei estuki lotuta dago. Izan ere, EBZak bankuei kobratzen dien interes tipoa eta hauek beren bezeroei kobratzen dietena berdintsuak izan ohi dira. 

EBZren helburu nagusia, gaur gaurkoz, Euroguneko prezioak, inflazioa, % 2ra gerturatzea da. Helburu honekin interes tipoak igotzen aritu da azken hilabeteetan, % 4ra iritsi arte. Modu honetara, kontsumoa urrituko dela, eskaria jaitsiko dela eta prezioek gauza bera egingo dutela espero dute.

AEBetan ere estrategia bera jarraitu zuen Erreserba Federalak. % 5era iritsi arte igo zituen interes tipoak eta, ondoren, maila horretan eustea erabaki zuen, ekonomia erabat gelditu ez zedin.

Zer da euriborra?
Zer da euriborra?
Zer da euriborra?

2:56

Aste ugari joan badira ere, neurri hauen eragina ikusten hasi garela ematen du. Euroguneko inflazioa % 5,5era jaitsi da azken neurketan. Bataz bestekoa, oraindik altua da, baina Espainian, Grezian, Txipren eta Luxemburgon lortu da prezioak jaistea. Beste muturrean, ordea, Estonia, Eslovakia, Lituania eta Letoniako inflazioa % 10etik gora dago oraindik. 

Inflazioa eurogunean. Irudia: EITB Media.

Inflazioa eurogunean. Irudia: EITB Media.

Ingurumaria honetan, EBZko kideak Portugalgo Sintra hirian bildu dira aste honetan eta dagoeneko iragarri dute inflazioak altuegia izaten jarraitzen duela eta uztailean beste igoera bat egingo dutela. Adituek azkena izango dela espero dute eta, ondoren, denbora batean neurri horretan mantenduko dituztela uste dute, hemendik hilabete batzuetara jaisten hasi arte. Beraz, oraindik zenbaki altuko hilabeteak izango ditu ziurrenik euriborrak ere. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hipotekak albisteak Kredituak gaur Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Albisteak Etxebizitza gaur Europako Banku Zentrala