Ekonomia -

Interes-tasak

Europa eta Ameriketako Estatu Batuak, diruaren prezioaren igoera berri baten atarian

AEBko Erreserba Federalak gaur iragarriko du tasak puntu laurden igoko direla, %5,25etik %5,5era. Era berean, Europako Banku Zentrala bihar bilduko da beste igoera bat erabakitzeko, seguruenik 0,25 puntukoa.

Artxiboko irudia: pixabay.
Artxiboko irudia: pixabay.
Artxiboko irudia: pixabay.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Merkatuek espero dute Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak (Fed) gaur iragarriko duela tasak puntu laurden igoko direla, % 5,25etik % 5,5era bitarteko tarteraino, 2007ko maila gaindituta. Gainera, Europako Banku Zentraleko (EBZ) Gobernu Kontseilua bihar, osteguna, bilduko da diruaren prezioaren beste igoera bat erabakitzeko. Interes-tasa % 4koa da orain, eta, ziurrenik, beste 0,25 puntu igoko dute.

Bestalde, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) uste du ez dela unea Fed eta EBZ moneta-politika lasaitzen hasteko, inflazioa % 2ko helburuetatik urrun baitago oraindik.

Erreserba Federaleko kideek atzo, asteartea, hasi zuten uztaileko bi eguneko bilera. Bertan, adituek ziurtzat jotzen dute ekaineko etenaldiaren ondoren interes-tasen igoerari berriro ekingo diotela.

Horrela, inflazioari aurre egiteko azken urtean aplikatutako diru-politikaren emaitza ebaluatzeko joan den hilean izandako etenaldiari amaiera eman eta igoerei ekingo die berriro Erreserba Federalak.

Ekainaren 13an eta 14an egindako azken bileran, Erreserba Federalak aldaketarik gabe eutsi zion tasa ofizialari, % 5 eta % 5,25eko tartean.

Hala ere, bilera horretako aktetan, ia parte-hartzaile guztiek adierazi zuten "egokia litzatekeela 2023an zehar interes-tasa ofiziala igotzea".

Erreserba Federaleko kideek diru-politika murriztaileari eusteko beharra defendatu zuten, inflazioa (gero eta beherakada handiagoak izan dituen arren) eta lan-merkatuaren sendotasuna ikusita.

Ameriketako Estatu Batuetako inflazio-tasak puntu bat egin zuen behera ekainean, % 3ra arte, covid-19aren pandemia baino lehenagotik izan duen mailarik baxuena, baina banku zentralaren % 2ko xedetik urrun jarraitzen du.

AEBetako inflazioa 12 hilabetez jarraian jaitsi da, 2022ko ekainean azken 40 urteetako marka hautsi zuenetik, % 9,1ean kokatu baitzen.

Covid-19aren pandemiaren eta Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz sortutako inflazio horren aurrean, Fed 2022ko martxoaren 17an hasi zen tasak igotzen. 0,25 puntu igo zituen, eta 0,50 gehiago maiatzean.

Ondoren, azeleragailua sakatzen hasi zen eta 0,75 puntuko lau igoera egin zituen. Abenduan puntu erdi igo zen, eta aurten erritmoa moteltzen hasi zen, 0,25 puntuko hiru igoaldirekin.

Europako Banku Zentralari dagokionez, joan den hilean puntu laurden igo zituen tasak, % 4ra arte (2008tik ez da maila horretara iritsi), azpiko inflazioak altu jarraitzen duela ikusita.

Azkenik, EBZk jakinarazi duenez, bankuek enpresetarako eta etxeetarako kreditu guztien estandarrak gogortu dituzte bigarren hiruhilekoan, arrisku handiagoa, arriskuarekiko tolerantzia txikiagoa eta interes-tasen igoera direla eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Europa Hipotekak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Albisteak Europako Banku Zentrala