Ekonomia -

Etxebizitza Legea

Jaurlaritzak formalki eskatu du negoziazioak abiatzea Etxebizitza Legearen inguruan

Gasteizko Gobernuak idatzia igorri dio Espainiakoari, Etxebizitza Legearen aurka helegitea aurkeztuko duela iragarri eta gero.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak idatzia igorri dio Espainiako Gobernuari, Etxebizitza Legearen inguruan "negoziazioak hastea" formalki eskatzeko.

Atzo, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen helegitea aurkeztuko duela lege horren aurka, eta orain sei hilabeteko epea dute negoziatzeko. PSEren sailburuak helegitearen kontra agertu dira.

Sailburuak azaldu duenez, epe bat ireki da, eta Eusko Jaurlaritzak elkarrizketarako bide guztiak agortuko ditu helegitea jarri aurretik, "beti bezala", "akordioa posible" dela uste baitu. "Nolanahi ere, euskal gizarteak etxebizitzaren arloan erabakiak hartzeko duen gaitasunari uko egitea nahi al dugu, Etxebizitzaren Legea gauzatuta?", galdetu du.

Arauaren eduki zehatzetan ez dela sartuko adierazi ondoren, "ez baita hori eztabaida", sailburuak honako hau defendatu du: "euskal gizarteak nahi du, bere etxebizitza-politikak garatzeko aukera izatea, gure errealitatea kontuan hartuta, inposaketarik gabe, orain eta etorkizunean" .

EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek uste du "lehia juridikoa dela, ez politikoa", eta ez du inolako alderik ikusten Eusko Jaurlaritzako bi alderdien artean.

Unai Urruzunok (EH Bildu), ostera, salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela garatu nahi izan 2015ean onartutako EAEko legea, Estatuko arau bat falta zela argudiatuta, eta orain horren aplikazioa geldiarazi nahi duela, helegitea aurkeztuta. Koalizioaren ustez, etxebizitzaren legeari buruzko eztabaida ez da juridikoa, ideologikoa baizik.

Laura Garrido PPko legebiltzarkideak esan duenez, "ez da ulertzen gobernukide batek Madrilen onartutako lege baten aurka helegitea aurkeztea". Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Estatuko Etxebizitza Legea izan du hizpide. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak edukien eta eskumenen araberako helegite bat iragarri izana ulertzen du, baina bitxia iruditzen zaio, EAJ PSOEren bazkide izanik.

Beste alde batetik, Donostiako Udalbatzak, EH Bildu, Elkarrekin, PSE-EE eta EAJren botoekin eta PPren aurkako bozekin, kontrol mozio bat onartu du gaur, koalizio soberanistaren ekimenez, etxebizitza eremu tentsionatuak izendatzeko izapideak abiatzeko.

Horrez gain, Kaleratzeak Stop Euskadi plataformak iragarri du udaletan mozioak aurkezteko kanpaina indartu egingo duela, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko "tentsiodun eremuak" izenda ditzala, "alokairu neurrigabeak mugatzeko" eta "kontratuak amaitzen zaizkien maizterrek hiru urtera arteko luzapena eskatu ahal izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak