Ekonomia -
Kontsumoko Prezioen Indizea
Uztaileko KPIa aurreratua apur bat igo da %2,3an kokatuta, baina azpikoak %6,2raino egin du gora
Bi hilabetez jarraian behera egiten egon ondoren, inflazioa lau hamarren igo da aurreko hilabetearekin alderatuta, baina zortzi puntu baino gehiago egin du behera, iazko datuei begiratuta. Azpikoak, alabaina, iazko maila berean jarraitzen du.
Iker Gonzalez | eitb media
KPIak eten egin du azken bi hilabeteetako beheranzko joera, eta lau hamarren igo da uztaileko datu aurreratuari erreparatuta, % 2,3an kokatuta, INEk gaur emandako datuen arabera.
Igoera txikia da, baina oraindik % 2ren bueltan jarraitzen du, teorian adierazlearen erreferentziazko maila egokienean.
Azpiko inflazioaren kasua, aldiz, kontrakoa da, maila altuan jarraitzen baitu, eta hiru hamarren egin du gora, % 6,2an kokatuta. Azpikoa kalkulatzeko ez dute kontuan hartzen energia, ezta elikagai freskoak ere.
INEk gaur emandako datua uztaileko aurreratua da; beraz, ez du KPIa osatzen duten taldeei buruzko datu zehatzik eman, ezta autonomia erkidego bakoitzari dagokiona ere.
Nadia Calviño Ekonomia Gaietarako eta Transformazio Digitalerako ministro eta lehen presidenteordeak adierazi duenez, "uztaileko KPIaren datu aurreratuak erakusten du prezioak pixkanaka egonkortzen ari direla inflazio orokorra % 2 inguruan eta azpikoa % 6 inguruan kokatuta".
"Gure ekonomia politika emaitzak ematen ari da, hazkundeak, enplegu-sorrerak eta prezioen egonkortasunak erakusten duten bezala, gure inguruko herrialdeetan ez bezala, eta Espainiako enpresen eta familien mesedetan", gaineratu du.
Atzo, EBZk interes tasen igoerari eustea erabaki zuen udako etenaldiaren aurreko azken bileran. Batzarraren osteko agerraldian, Christine Lagardek Espainiako inflazioa izan zuen hizpide. "Agerikoa da gaur egun ikusten ari garen Espainiako inflazio datua, % 2rako joera hartu duena, eta langabezia datua, oso zifra onak dira herrialdearentzat eta ekonomiarentzat ere bai", nabarmendu zuen.
Halere, gogorarazi zuen euroguneko herrialde guztiak ez daudela egoera berean, herrialde batzuetan inflazioa oso altua baita oraindik ere, eta horrela jarraitzea espero da. Hori dela eta, oso beharrezkoa izango da datu agregatuei adi egotea.