Krisi Ekonomikoa -
AENA-ren murrizketak
EAJk Forondako aireportuaren gestioaren transferentzia eskatu du
Aireportuko enpresa batzordearen arabera, murrizketaren ondorioz gaur egungo lan-taldea osatzen duten 120 langiletik 102 kanporatuak izango liratezke.
Erredakzioa
Emilio Olabarria, Gorka Urtaran eta Norberto Aldaiturriaga EAJko ordezkariek EAEko aireportuen gestioaren transferentzia eskatu diote gaur Gobernu Zentralari, Forondakoa barne, azken horren jarraipena bermatzeko asmoz.
Sustapen Ministerioak ordutegi murrizketak ezarri nahi ditu 17 aireportutan abuztuaren 23tik aurrera, eta Forondakoa hamazazpi horien artean dago. Data horretatik aurrera soilik 12 orduz egongo da zabalik, orain arteko 24 orduen ordez, eta horrek langileak kaleratzea ekarriko luke.
Aireportuaren enpresa batzordearen arabera, murrizketaren ondorioz gaur egungo lan-taldea osatzen duten 120 langiletik 102 kanporatuak izango liratezke.
“Beharrezkoa Euskadi eta Gasteizentzat”
Gasteizko aireportuan egin nahi dituzten murrizketek AENAren zorraren % 1a soilik ordezkatzen dutela ohartarazi dute EAJko ordezkariek, eta aireportuak sortzen duen komertzio zein enpresa jarduera Euskadi eta Gasteizen garapen ekonomikoarentzat beharrezkoa dela gaineratu dute.
Hori dela eta, urteko 365 egunetako 24 orduetan zehar zabalik mantentzea eskatu diote Gobernuari.