Ekonomia -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

LABek kezkaz ikusten du Hezkuntza Legean hizkuntza ereduak mantentzeko "PSE-EEren aldetik dagoen presioa"

Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorraren ustez, EAJren sektore batzuek tentazioa izan dezakete PSE-EErekin hizkuntza ereduak mantenduko lituzkeen Hezkuntza Lege bat adosteko.

Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratian
Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratian
Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratian

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean bihar amaituko da Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea, eta alderdiak eta eragileak alde batera edo bestera posizionatzen ari dira. LAB sindikatuak, esaterako, kezkaz ikusten du "euskalduntze prozesuan galgak jartzeko" eta Hezkuntza Legean hizkuntza ereduak mantentzeko "PSE-EEren aldetik dagoen presio handia".

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketa Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak adierazi duenez, EAJren sektore batzuek "tentazioa" izan dezakete PSE-EErekin hizkuntza ereduak mantenduko lituzkeen Hezkuntza Lege bat adosteko. Azken egunetan, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak esan du lege berriak propio jaso behar dituela hizkuntza ereduak. EH Bilduk, bere aldetik, ohartarazi du Eusko Legebiltzarrean lau alderdik lortutako hezkuntza itunaren izpiritua eta letra errespetatu behar direla lege berrian.

Atzo Lantziegoko upategi bateko bi langile hil ostean, dagoeneko 41 dira aurten lan istripuz Euskal Herrian hildako langileak LABen kontaketaren arabera. Arroyoren esanetan, aldaketa sakonak egin behar dira prebentzio politiketan, eta trafiko istripuak eta lan istripuak alderatu ditu. Azaldu duenez, bi kasuetan hildako kopuruak antzekoak badira ere, "desoreka" handia dago ikuskaritzan: trafikoari lotuta 300.000 isun jarri diren bitartean lan eremuan 700 baino ez dira jarri prebentzio neurriak ez betetzeagatik.

EAEko langile publikoak grebara deitu dituzte urriaren 25ean eta abenduaren 19an, eta horri lotuta Arroyok azpimarratu du "aski da" esateko garaia dela langileen eta erabiltzaileen egoera "txarra" delako. "Politika oker batzuen ondorioz heldu gara ona" esan du. Ildo horretan, langileen lan baldintzak hobetzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko eta garatzeko deia egin du.

Bestalde, zerga erreformari dagokionez, eztabaida irekitzea berri ona dela uste du Arroyok beti ere "betorik gabe" egiten bada. Izan ere, zerga guztien inguruan hitz egin behar dela iritzi dio, Pertsona Fisikoen gaineko Zergaz ez ezik, kapitalaren gaineko zergaz eta elkarteen gaineko zergaz. 

 

  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Langile Abertzaleen Batzordeak Lana albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Euskadi Irratia Lan gatazkak