Ekonomia -
OINARRIZKO ZERBITZUAK
Hauek dira urriaren 25eko sektore publikoaren grebarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak
Garraiobide publikoetan zerbitzuaren % 30 bermatuko da egun horretan. Ospitaleetan jaiegunetako arreta eskainiko da, eta anbulatorioetan, larunbatetakoa. EITBk eguneroko ohiko informazio-zerbitzuak eskainiko ditu.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
EAEn urriaren 25erako sektore publikoan deitu den grebaren harira, gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak, aurreko lanuzteetako ezarritakoen oso antzekoak. Horrela, garraiobide publikoen % 30 ibiliko da gutxienez egun horretan. Osasun arretari dagokionez, ospitaleetan jaiegunetako zerbitzua emango dute, eta anbulatorioetan, larunbatetakoa.
Idoia Mendia eta Justizia sailburuak gaur sinatu du gutxieneko zerbitzuen araua. ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE, ESK eta beste sindikatu batzuk egin dute deialdia -UGTk eta Interinok Taldeak ez dute bat egin-, lan baldintzak eta zerbitzuen kalitatea hobetzea eskatzeko. 150.000 langile publiko daude grebara deituta.
OSASUN SEKTOREA
Osasun arretari dagokionez, ospitaleetan jaiegunetako zerbitzua eskainiko da; senda-agiriak eman ahalko dituzte, eta aurretik hitzartutako edota atzeraezinak diren dialisi eta tratamendu onkologikoak emango dira. Larrialdi, sukalde eta garbiketa zerbitzuetan, "bakarrik beharrezkoak diren langileak" egongo dira.
Lehen arretan larunbat batean bezala lan egingo da eta osasun larrialdietan eta Etengabeko Arreta Guneetan % 100eko zerbitzua eskainiko dute.
GIZARTE ZERBITZUAK
Adineko eta menpekotasunen bat duten pertsonen zentroetan, % 50ekoa izango da gutxieneko zerbitzua (% 10 gehiago otorduetan), eta etxez etxeko laguntzan, 2. eta 3. menpekotasuna duten lagunei otorduak eta botikak eman eta garbitzeko eta altxatzeko eta oheratzeko laguntza eskainiko zaie.
LARRIALDI ZERBITZUAK ETA BIDE SEGURTASUNA
SOS-Deiak 112 larrialdiei aurre egiteko zerbitzuan % 100ekoa izango da arreta. Suhiltzaileek, errepideak mantentzeko langileek eta trafikoa kudeatzeko zentroko langileek jaiegunetako zerbitzua eskainiko dute.
HEZKUNTZA ARLOA
Ikastetxe ez unibertsitarioetan gutxienez bi behargin egon beharko dira (eskolak zabalik daudela bermatu beharko dute), eta Haurreskolak kontsortzian bat. Gainera, hezkuntza ziklo bakoitzeko irakasle batek ere bertan egon beharko du (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa) .
EHUn, langile batek goizean eta beste batek arratsaldean bermatuko dute sarbidea.
GARRAIO SEKTOREA
Gutxienez garraio publikoen % 30ak emango du zerbitzua (trenak, tranbiak, funikularrak eta ibai-garraioa)
EITB
Euskal Irrati Telebista Publikoan eguneroko informazio-zerbitzuak baino ez dira bermatuko, ohiko ordutegietan.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA
Besteak beste, honako hauek bermatuko dira: aldez aurretik ezarritako epea duten jarduerak, kautelazko neurriak eta epaiketak zein agerraldiak, horiek eteteak kalte larria eragin badezake. Espetxeek larunbatetako lantaldearekin funtzionatuko dute, eta adingabeen zentroek, berriz, ostiral-jaiegunetakoarekin.