Ekonomia -
BIZKAIA
Bizkaiko Aldundiak otsailean onartuko du Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua, eta lanak udan hasiko dira
Aurreikuspenen arabera, eraikuntza lanek lau urte iraungo dute eta 450 milioi euroko inbertsioa izango dute. Ibai azpiko tunelak Artatzako eta Ballontiko biribilguneak lotuko ditu.
AGENTZIAK | EITB Media
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua otsailean onartzea espero duela eta, hortaz, eraikuntza lanak 2024ko udan hasiko liratekeela. Ibai azpiko tunelak Artatzako eta Ballontiko biribilguneak lotuko ditu.
Eraikuntza lanek lau urte iraungo dute eta 450 milioi euroko inbertsioa izango dute. Gainera, Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) Administrazio Kontseiluak aste honetan bertan baimendu du 200 milioi eurora arteko mailegua ematea.
Asteroko gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Imanol Pradales Azpiegitureta eta Lurralde Garapenerako diputatuak azaldu duenez, guztira 76 alegazio jaso dira, eta horietatik 35 partikular, erakunde eta administrazio publikoenak dira. Alegazio horien % 75 osorik edo partzialki hartuko dira aintzat, proiektua bere osotasunean hobetzen dutela iritzita.
Artatzako errepidean, Txorierriko igarobidean eta Arrontegiko zubian egunero sortzen diren auto ilarei irtenbidea eman eta Bizkaiko mugikortasuna hobetzea du helburu aipaturiko tunelak. Izan ere, Arrontegiko zubitik 165.000 ibilgailu igarotzen dira egunero.