Ekonomia -

OINARRIZKO ZERBITZUAK

Hauek dira azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak

Garraiobide publikoetan zerbitzuaren % 30 bermatuko da egun horretan. Ospitaleetan jaiegunetako arreta eskainiko da, eta anbulatorioetan, larunbatetakoa. EITBk eguneroko ohiko informazio-zerbitzuak eskainiko ditu.

Bilboko Metroa. Argazkia: EFE
Bilboko Metroa. Argazkia: EFE
Bilboko Metroa. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren harira, gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak, aurreko lanuzteetako ezarritakoen oso antzekoak. Horrela, garraiobide publikoen % 30 ibiliko da gutxienez egun horretan. Osasun arretari dagokionez, ospitaleetan jaiegunetako zerbitzua emango dute, eta anbulatorioetan, larunbatetakoa.

Idoia Mendia eta Justizia sailburuak gaur sinatu du gutxieneko zerbitzuen araua. ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuek eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, zaintzarako eskubide kolektiboaren alde, "lantokiak husteko" eta Hego Euskal Herriko "kaleak hartzeko" deia egin zaie herritarrei. 

Ondorengoak dira Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak:

OSASUN SEKTOREA

Osasun arretari dagokionez, ospitaleetan jaiegunetako zerbitzua eskainiko da; senda-agiriak eman ahalko dituzte, eta aurretik hitzartutako edota atzeraezinak diren dialisi eta tratamendu onkologikoak emango dira. Larrialdi, sukalde eta garbiketa zerbitzuetan, "bakarrik beharrezkoak diren langileak" egongo dira. 

Lehen arretan larunbat batean bezala lan egingo da eta osasun larrialdietan eta Etengabeko Arreta Guneetan % 100eko zerbitzua eskainiko dute.

GIZARTE ZERBITZUAK

Adineko eta menpekotasunen bat duten pertsonen zentroetan, % 50ekoa izango da gutxieneko zerbitzua (% 10 gehiago otorduetan), eta etxez etxeko laguntzan, 2. eta 3. menpekotasuna duten lagunei otorduak eta botikak eman eta garbitzeko eta altxatzeko eta oheratzeko laguntza eskainiko zaie.

LARRIALDI ZERBITZUAK ETA BIDE SEGURTASUNA

SOS-Deiak 112 larrialdiei aurre egiteko zerbitzuan % 100ekoa izango da arreta. Suhiltzaileek, errepideak mantentzeko langileek eta trafikoa kudeatzeko zentroko langileek jaiegunetako zerbitzua eskainiko dute.

HEZKUNTZA ARLOA

Ikastetxe ez unibertsitarioetan gutxienez bi behargin egon beharko dira (eskolak zabalik daudela bermatu beharko dute), eta Haurreskolak kontsortzian bat. Gainera, hezkuntza ziklo bakoitzeko irakasle batek ere bertan egon beharko du (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa) .

EHUn, langile batek goizean eta beste batek arratsaldean bermatuko dute sarbidea.

GARRAIO SEKTOREA

Gutxienez garraio publikoen % 30ak emango du zerbitzua (trenak, tranbiak, funikularrak eta ibai-garraioa)

EITB

Euskal Irrati Telebista Publikoan eguneroko informazio-zerbitzuak baino ez dira bermatuko, ohiko ordutegietan.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

Besteak beste, honako hauek bermatuko dira: aldez aurretik ezarritako epea duten jarduerak, kautelazko neurriak eta epaiketak zein agerraldiak, horiek eteteak kalte larria eragin badezake. Espetxeek larunbatetako lantaldearekin funtzionatuko dute, eta adingabeen zentroek, berriz, ostiral-jaiegunetakoarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak EITB Sindikatuak Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Garraio publikoa 112 Larrialdiak