Ekonomia -

Akordioa

Elkarrekin Podemosek ituna egin du EAJ eta PSE-EErekin, aberastasun handien gaineko zerga Euskadin aplikatzeko

Akordio horren arabera, 12,8 milioi eurotik gorako ondarea dutenei % 2ko zerga ezarriko diete Bizkaian, eta % 2,5ekoa Gipuzkoan eta Araban. 14,5 milioi eurotik gorako ondarea dutenei, berriz, % 3,5ekoa, hiru lurraldetan.

Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusi David Soto. Argazkia: Elkarrekin Podemos
Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusi David Soto
Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusi David Soto. Argazkia: Elkarrekin Podemos

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrekin Podemosen koordinatzaile nagusi Pilar Garridok iragarri du EAJrekin eta PSE-EErekin akordioa erdietsi dutela, Euskadin aberastasun handien gaineko zerga aplika dezaten. "Horrek esan nahi du zergadun gehiago egongo direla, eta, beraz, diru gehiago bilduko dela", adierazi du.

Itun horren arabera, 12,8 milioi eurotik gorako ondarea dutenei % 2ko zerga ezarriko diete Bizkaian, eta % 2,5ekoa Gipuzkoan eta Araban. 14,5 milioi eurotik gorako ondarea dutenei, berriz, % 3,5ekoa, hiru lurraldetan. Koalizioak berak esan duenez, "Estatuko zergatik hurbilago" egotea lortu du Elkarrekin Podemosek, alegia, "nork bere ahalmenaren araberako ekarpena egitea, gizarte solidarioago, berdinduago eta justuago bat lortze aldera".

Prentsaurrekoan eman dituzte itunaren gaineko zertzeladak David Sotok (Elkarrekin Podemosen Antolakuntza idazkaria), Arantza Gonzalezek (Ezker Anitza-IUren Gipuzkoako koordinatzailea), Eneritz de Madariagak (Bizkaiko Batzar Nagusietako Elkarrekin Podemosen bozeramailea) eta Carmen Muñozek (Berdeak Equo alderdiaren bozeramailea).

Bestalde, Garridok, goizean Radio Euskadin eman duen elkarrizketan, azaldu du 2023tik aplikatu dela zerga.

"Estatuan, Podemosek mahai gainean jarri zuen afera honen alde asko egin dugu, Euskadin ere beharrezkoa delako justizia fiskalarekin lotutako pausoak ematea", adierazi du.

Haren hitzetan, Podemosentzat "halabeharrezko baldintza" zen zerga hiru lurraldeetan 2023tik aplikatzea, modu horretan, "dirutza dutenek guztiona denari eusten lagunduko diotelako".

Testuinguru horretan, eta "Euskadin gauza garrantzitsuak EAJk kudeatzen dituela" ohartarazi ostean, Garridok azpimarratu du Podemosen proposamenari esker "tasak igo dituztela, zergadun gehiago egongo dela, eta, ondorioz, diru gehiago bilduko dela", nahiz eta argi utzi duen ez dela eurek "nahi beste" izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV EAE Ekonomia PSE-EE Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Gastu publikoa