Ekonomia -

ENPRESA

Gasteizko Michelingo gehiengo sindikalak eta zuzendaritzak lantaldea murrizteko akordioa lortu dute

Neurriak 150 langileri eragingo die, eta borondatezko irteerak, errelebo kontratuak edo langileak beste lantegi batzuetara mugitzea proposatu du multinazionalak. Enpresa batzordean gehiengoa duten CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek zuzendaritzak proposatutako plana onartu dute.

Michelinen lantegia Gasteizen. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Michelinen lantegia Gasteizen
Michelinen lantegia Gasteizen. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Michelineko enpresa batzordeak multinazionalaren proposamena onartu du gaurko bileran, eta, ondorioz, zuzendaritzaren arabera "soberan" dauden 150 langileri "neurri ez traumatikoak" aplikatuko zaizkie. Zehazki, borondatezko irteerak, errelebo kontratuak edo langileak Gasteizko beste sekzio batzuetara edo Espainiako beste lantegi batzuetara mugitzea proposatu du multinazionalak.

Enpresa batzordearen baitan, zatiketa agerikoa izan da. CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek alde bozkatu dute, ELA, LAB, ESK eta CGTk, kontra, eta CCM, ostera, abstenitu egin da.

Michelineko zuzendaritzak borondatezko irteerak, errelebo kontratuak edo langileak beste lantegi batzuetara mugitzea proposatu du, inor kaleratu gabe plantillan 150 langile gutxiago izateko. Alde batetik, langileak beste zeregin batzuetan jarri edota beste lantegi batzuetara mugituko dituzte. Bestetik, borondatezko irteerak aurreikusi dituzte, lan egindako urte bakoitzeko 33 egun ordainduta (18 soldata edo 78.000 euro gehienez). Azkenik, errelebo kontratua 1962an jaiotakoei ere eskainiko zaie, eta lanaldiaren % 20 egingo dute erretiroa hartu arte.

Halaber, langileek urtarrilaren 15era arte egin beharko dute eskaera.

Orain, zuzendaritzak 650 langileri jakinaraziko die beren lan baldintzak aldatuko zaizkiela; bost taldetan lan egitetik (hiru lanean eta bi atsedenean) lau edo hirurekin lan egitera igaroko baitira.

Bestalde, enpresak hitzeman du sei hilabeteko epean ez duela ekoizpenaren jaitsieragatik kaleratzerik egingo. 

UGTren arabera, "konfrontazioaren eta mehatxuaren aurrean, elkarrizketa eta negoziazioa da konponbidea". Halaber, azpimarratu du ez dela "irteera traumatikorik izango".

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren esanetan, albiste "ona" eta "garrantzitsua" da Gasteizko Michelineko zuzendaritzak eta langileen batzordeak lortutako akordioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE gaur Albisteak multinazionalak Lana albisteak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Industria albisteak Automobilgintza