Ekonomia -

Oxfamen txostena

Aberatsenek euren ondasunak bikoiztu dituzte 2020tik, eta tarte berean 5.000 milioi lagun pobretu dira munduan

Davosko Nazioarteko Foro Ekonomikoaren harira txostena kaleratu du Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak. Horren arabera, 200 urte beharko lirateke pobrezia desagerrarazteko. Enpresa handiak eta monopolioak "desberdintasunak sortzeko makina" bihurtu dira, salatu duenez.

Ia 5.000 milioi pertsona pobretu dira 2020tik. Argazkia: Pixabay
Ume bat, giro pobretu batean.
Ia 5.000 milioi pertsona pobretu dira 2020tik. Argazkia: Pixabay

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko bost gizon aberatsenen ondasunak bikoiztu egin dira 2020tik, eta tarte berean, ia 5.000 milioi pertsona pobretu dira, Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak desberdintasunen inguruan egin duen txostenaren arabera ("Inequality Inc" deitutakoa). 

Davosen (Suitza) egunotan egin behar duten Nazioarteko Foro Ekonomikoaren harira kaleratu dute txostena. Erakundeak egindako kalkuluen arabera, egungo egoera kontuan hartuta, bi mende baino gehiago beharko dira pobrezia desagerrarazteko

Oxfamen arabera, 2023ko azaroaren amaieran hauek ziren munduko bost gizon aberatsenak: Elon Musk (besteak beste, X-ren, antzinako Twitterren, jabea), Bernard Arnault (LVMH luxuzko produktuen taldeko ugazaba), Jeff Bezos (Amazon), Larry Ellison (Oracleren sortzailea) eta Warren Buffet (AEBko inbertsorea). Halaber, munduko 10 enpresa handienetatik 7k milioidun bat dute presidente edo akziodun nagusi.

Batuketa eginda, bost gizon horien aberastasuna 405.000 milioi dolarrekoa izatetik 869.000 milioikoa izatera igaro da —orduko 14 milioi dolar hazi da—. Era berean, megaenpresen balioa 10,2 bilioi dolarrekoa da, hots, Afrika eta Latinoamerikako herrialde guztien Barne Produktu Gordinaren (BPG) parekoa

"Hamarkada berria zatiketa handiarekin abiatu dugu. Milaka milioi lagunek pandemiaren, inflazioaren eta gerren ondorio ekonomikoei egin behar diete aurre, eta bien bitartean, mila milioidunen aberastasuna hazi eta hazi baino ez da egiten", adierazi du Amitabh Behar Oxfam International erakundeko jarduneko zuzendari exekutiboak . Horren esanetan, "ezberdintasun hori ez da kasualitatea, mila milioidunek euren enpresa handiek ondasun gehiago sortzea lortzen dute, gainerako biztanleen bizkar", erantsi du. 

Azaldu duenez, enpresa handien eta monopolioak "desberdintasunak sortzeko makina" bihurtu dira, eta euren helburuak lortzeko zerga-iheserako sistemak sortu eta zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzte eta geldialdi klimatikoa azkartzen dute. 

"Enpresa handi horiek boterea eskuratzen dute, gure demokraziak eta eskubideak urratzen. Ezein enpresak edo pertsonak ez luke hainbesteko boterea eduki behar. Bestela esanda, inork ez luke 1.000 milioi dolar eduki behar", salatu dute. 

Desberdintasun handi horien aurrean, erakundeak neurriak "berehala" hartzeko deia egin du. Horren aburuz, "zerbitzu publikoak lehenetsiko dituen ekintza publiko transformatzailea behar da, enpresa handiei araudi zehatzak jarri, monopolioak desagerrarazi, eta aberastasunari eta neurri gabeko etekinei zerga iraunkorrak ezartzeko". 

Davosen egindako protesta bat, Foroaren atarian. EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak