Ekonomia -

GREBA SEKTORE PUBLIKOAN

Beste greba egun bat deitu dute EAEko sektore publikoan martxoaren 12rako

ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek deitu dute greba, "lan-baldintzek okerrera egiten jarraitzen" dutela argudiatuta. Aldarrikapenen artean, soldata % 10 igotzea, pribatizazioei atea ixtea eta enplegu publikoa kontsolidatzea daude.

Sindikatu deitzaileek gaur Bilbon egin duten agerraldia. Argazkia: EFE
Sindikatu deitzaileek gaur Bilbon egin duten agerraldia
Sindikatuek grebara deitu dute sektore publikoa, martxoaren 12an

0:47

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Sektore publikoko lan-baldintzak eta zerbitzua benetan hobetzeko", ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek mobilizazioei berrekingo diete EAEn, eta beste greba egun batera deitu dituzte langileak martxoaren 12an. Iaz egindako bi greba egin zirenetik (urriaren 25ean eta abenduaren 19an), bi hilabete baino gutxiago igaro direnean iritsi da deialdi berria.

Sindikatuotako ordezkariek esan dute "erakundeek eta ordezkari politikoek elkarrizketarako eta akordiorako borondatea adierazi duten arren", sektore publikoko egoera ez dela hobetu, kontrakoa, "lan-baldintzek okerrera egiten jarraitzen" dutela. Egoera horren aurrean, "mobilizazioekin jarraitzea beste aukerarik" ez dagoela esan dute Irati Tobar eta Igor Eizagirre LABeko eta ELAko ordezkariek, hurrenez hurren, lanuztearen berri emateko gainerako ordezkariekin batera Bilbon, gaur goizean, egin duten agerraldian.

Erantsi dutenez, "aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diru-bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du ( % 44) eta erosahalmenaren galera % 8tik gorakoa izan da azken bi urteotan".

Era berean, nabarmendu dute "EAJren eta PSOEren arteko inbestidura akordioak, soldatak eta enplegua hemen erabakitzeko ate bat ireki zezakeen arren", ez dela benetako pausorik eman helburu hori lortzeko eta "Madrilgo betoak baliogabetzeko".

Hori guztia salatzeko, sindikatuek dei egin diete langile publikoei "grebarekin eta mobilizazioekin masiboki bat egin" dezaten. Zehazki, hauek dira sindikatuen aldarrikapenak:

- % 10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa

- Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea

- Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8n kokatuz

- Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz

- Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea

- Administrazioak eta langileak euskalduntzeko planak adostea

- Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan-astearen norabidean ipintzea

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak esan du ez dagoela "greba deitzeko arrazoirik". Gobernu Bileraren osteko agerraldian, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak adierazi du negoziaziorako "ateak zabalik" dituztela.

Garamendi: ''Ez dut uste greba deialdi bat egiteko arrazoirik dagoenik''
Garamendi: ''Ez dut uste greba deialdi bat egiteko arrazoirik dagoenik''
Garamendi: ''Ez dut uste greba deialdi bat egiteko arrazoirik dagoenik''

0:34

      

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak Funtzionarioak bideoak Sindikatuak CCOO Steilas Albisteak Ekonomia Eguneko albisteak