Krisi Ekonomikoa -

Bi aldeen arteko batzarra

Bruselak Espainiako krisian daukan 'ardura partekatua' onartu du

"Merkatuen lehiak jarraitzen badu, europar buruzagiek erakutsi dute jada Espainiari laguntzeko asmoa", esan du Van Rompuyk

Rajoy eta Van Rompuyren arteko bilera osteko agerraldia. Argazkia: Efe
Rajoyk Van Rompuy hartu du Moncloan

01:01

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak Europak espainiar krisian daukan “ardura partekatua” onartu du, Europar Batasunaren jatorrizko arkitekturaren diseinua dela eta. Horrez gain, Espainiak laguntza beharko balu, europar buruzagiak laguntzeko prest egongo liratekeela ziurtatu du.

Higiezinen ‘boom’aren ondorioz sortutako zorpetze pribatuak eragin du Espainiako krisi ekonomiko eta finantzarioa, azaldu du belgikar buruzagiak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin izandako bileraren ostean.

Zentzu horretan, "nahiz eta Espainian sortutako krisia izan, Europako diseinuan izandako akatsek ere” krisia areagotzen lagundu dute, Europako Kontseiluko presidentearen arabera.

“Behar izanez gero, prest gaude edozein momentutan finantzen egonkortasuna bermatzeko”, ziurtatu du Van Rompuyk, “merkatuen lehiak jarraitzen badu, Europako buruzagiak Espainiaren alde lan egiteko prest” daudela nabarmendu du.

“Euroa atzeraezina da”

Espainiako eskualdeek eragiten dituzten zalantzez galdetuta, europar agintariak azaldu du Europari inporta zaiona Espainiak bere osotasunean erakusten duen indarra dela. “Espainiari dagokio eskualdeen eta Estatuaren arteko oreka bat lortzea”, azaldu du.

Beste alde batetik, Europako kontseiluko presidenteak bereak egin ditu Mario Draghik euroaren inguruan eginiko adierazpenak. Draghik euroa atzeraezina dela esan zuen, eta horren harira, bankuen, fiskalitatearen, ekonomiaren eta politikaren arteko batasun sendoago baten alde egin du Van Rompuyk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea