Ekonomia -

Turismoa Euskadin

Etxebizitza turistikoetako egonaldiak, gora: otsailean % 23 igo ziren sarrerak

Plazen % 30 izan zituzten beteta aurreko hilabetean, Eustaten arabera. Aipatzekoa da partikularrek kudeatutako etxebizitzak ez direla sailkapen honetan sartzen. Ifrentzuan, landa-ostatuetako sarrerak % 3,4 gutxitu ziren.

Turistak, Bilbon. Argazkia: EFE
Turistak, Bilbon
Turistak, Bilbon. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gero eta turista gehiagok egiten dute etxebizitza turistikoen aldeko hautua EAEn euren egonaldia egiteko orduan. Eustatek hotelak ez diren establezimendu turistikoen artean egindako azken inkestaren arabera, turisten sarrerak % 22,9 igo ziren otsailean (betiere 2023ko hilabete berarekin alderatuta), eta gaualdiak % 5,4. Hori horrela, apartamentu mota horiek —norbanakoek kudeatzen dituztenak ez dira zenbatzen, enpresek kudeatutakoak bakarrik— 9.885 sarrera eta 39.553 gaualdi hartu zituzten.

Igoera handia da hori hotelek otsailean izandako datuekin alderatuta (% 4,4 igo ziren sarrerak). Dena dela, hotelak dira establezimendu turistiko erabiliena (222.106 sarrera eta  408.489 gaualdi). Landa-ostatuentzat ere ez da hilabete ona izan, sarrerak % 3,4 gutxitu baitziren, 5.836raino, eta horrek ere gaualdi kopurua murriztu zuen (12.196).

Etxebizitza turistikoak eta landa-ostatuak erkatuta, lehenengoek datu hobeak dituzte betetze mailari eta batez besteko egonaldiari dagokionez. Hala, % 30 eta 4 egunekoa izan zen otsailean. Landa-ostatuak, berriz, % 13an egon ziren beteta, 2,09 eguneko batez besteko egonaldiarekin. Azken horrek, baina, gora egin zuen 2023ko otsailarekin alderatuta (2,03 egun). 

Bada beste datu deigarririk, landa-ostatuetan Espainiako Estatutik etorritako turistak dira nagusi (% 87,6), eta atzerritarrak % 12,4 dira. Etxebizitza turistikoetan, ostera, jatorri bien arteko banaketa orekatuago dago, eta turisten ia herena (% 29,3) atzerrikoak dira. 

Azkenik, aterpetxe turistikoetan 8.115 sarrera eta 16.973 gaualdi izan zituzten otsailean. Sarrerek % 3,6 egin zuten behera, eta gaualdiek, aldiz, % 4,6 gora. Batez besteko egonaldia eta betetze maila landa-ostatuen tankerakoa izan zen (2,09 eta % 21ekoa). 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Oporrak azken ordukoa Etxebizitza gaur Ostatuak Eustat